Baztango irakurleen taldeak gonbidaturik Luis Garde doneztebar poetak Maizter arrotza bere azken aitzineko liburua Iruritako Jauregiarten aurkeztu zuen ekainaren 9an. Idazleekin solasean ekimeneko aurtengo hirugarren eta azken saioa zen eta bortz urtez lehendabiziko aldiz, poesiari tartea eskaini zitzaion. Saio honekin Idazleekin solasean ekimenaren bortzgarren sasoia akitu zen. Aurtengo ikasturtean Luis Gardez gain Garbiñe Ubedak Hobe Isilik eta Mikel Tabernak Alkasoroko Benta aurkeztu dute. Azken bortz urte hauetan Ernesto Prat, Jon Alonso, Alberto Ladron Arana, Garazi Kamio, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Iñigo Aranbarri, Gotzon Barandiaran, Lander Garro, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Unai Elorriagaren solasaldiak izan dira. Iruritan egindako saioan Pello Iriarte moldatzen ari den Jauregiarte ostatu-aretoan egin zen, oraino ireki gabe dago eta harat hurbildutakoek Jauregiaren lixutegi zaharrean eraikitzen ari diren espazio eder eta xarmantaz gozatu ahal izan zuten. Egun batzuk beranduago, leku berean, emanaldia eskaini zuen Amaiurko Gaztelu taldeak eta Jo ala Jo taldeko Xabi eta Itziar Torres txalapartariek.