Inoiz baino baserritar eta azienda buru gehiago herri bazkalekuetan

TTIPI-TTAPA 2014ko ekainaren 26a

1.100 azienda buru baino gehiago sartu dira aurten. Artxiboko argazkia.

Hobekuntzak egiteko 15.000 euro erabili dira

Urtero bezala herri-bazkalekuetako udako denboraldia maiatzaren 9an Lizartzun eta maiatzaren 31n Erdiz eta Belaten hasi zen eta, azkeneko urte hauetako bideari jarraikiz Erdiz erabiliko duten baserritarren eta azienden kopuruak goiti egin du. Aurten 106 baserrita­rrek erabiliko dute Erdiz eta behi-buruak, 550 denera, Erdizen alatuko dituzte. 
 
Azken hamarkadetako datu hoberenak izan dira, iazko datuekin alderatuta 6 baserritar gehiago eta 50 behi buru gehiago. Gainera, aurten, lau zezen sartu dituzte. Datuek, bertze behin, Erdizeko bazkalekuak nekazaritzarako duen balioa agerian uzten dute. 
Erdizekoarekin batera Lizartzun eta Belaten ere udako denboraldia hasi berri dute; bazkaleku horiei buruz iazko datu bertsuak dira. Lehenengorat 18 baserritarrek beren aziendak eraman dituzte denera 60 behi, 85 behor eta 200 ardi buru. Bigarrenerat, Belaterat, 25 baserritarrek 215 behi buru eraman dituzte eta bi zezen sartu.
 
Herri-bazkalekuek he­rriko ekonomian duten garrantzia ikusirik, Uda­lak, aurten ere, bazkalekuak hobetzeko erabiltzaileekin bilerak egin eta inguru hori­etan hainbat hobekun­tza egin ditu. Honela, Erdizen Artesiagako korlerako bidea hormigoizatu da, korlean zahorra bota eta askak erre­pasatu dira. Hiru bazkalekuetan ongarri ekologikoa hedatu da.
 
Bertzalde, Belate erabiltzen duten base­rritarrekin hala erabakirik Belateko zohikaztegiaren iskindegia berritu da, askak errepasatu dira eta sasitza ken­tzeko lanak ere egin dira. Hobekuntza lan horiek egiteko 15.000 euro erabili dira.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun