Baztan hondamendi eremu izendatzeko eskatu du Udalak

Ttipi-Ttapa 2014ko uztailaren 8a

Azken egunetan uholdeen ondorioak garbitzen ari dira baztandarrak.

Lehen datuen arabera, kalteak lau milioi eurokoak izan daitezke

Joan den ortziral goizeko uholdeak aspaldiko urteetako handienak izan dira Baztanen (ikusi ortziraleko irudiak) eta kalte material haundiak utzi dituzte. Ortziraleko momentu gogorrak pasata, azken egunak garbiketarako aprobetxatu dituzte baztandarrek. Bertzeak bertze, zahar etxeko sotoan ura sartuta ura berotzeko eta berogailuen makineriak hondatuak gelditu dira, horrez gain, 400-500 bat lagunek kalteak jasan dituzte, sei zubi hondatuak gelditu dira eta ehun autotik goiti ere bai. Baserri auzoetako zenbait bide ere kaltetuak gelditu dira.

Orain kalteak zenbatzeko ordua da. Udalak herritarrei kasu egiteko bulegoa zabaldua du eta badirudi 400 lagun baino gehiago pasatu direla hortik. Atzo arratsaldean, berriz, perituak ailegatu ziren Baztanera eta lehen datuen arabera, kalteak lau milioi eurokoak izan daitezkeela adierazi dute.

Egoeraren aitzinean, Udalak Baztan hondamendi eremu izendatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Datu argigarriak

Ortzegunetik ortziralera 107 l/m2ko erregistratu zituen Gorramendiko estazio metereologikoak, eta horietatik 37 l/m2ko ordu bakar batean, 05:50etik 06:50era. Hala, ortziral goizeko lehen orduetan, Elizondoko Jaime Urrutia karrikan urak metroa baino gehiagoko altuera hartu zuen eta inguru horretan aparkatutako autoak mugitu egin zituen urak ekartzen zuen indarrarekin. Ikusi bideoa

Denbora llaburrean bota zuen ur kantitateaz jabetzeko, datu argigarria da Oharriz parean Baztan errekari neurtu zioten ur-emaria. Goizeko 5etan 0,4 metroko altura zekarren errekak eta 5 ordu beranduago, goizeko 10ak aldera, 4 metrotaraino hazi zen, eta segunduko 355,33 m3 neurtu zituzten, errekorra 1985ean neurtzen hasi zirenetik.

Doneztebeko Aparan Industrialdean eta Sunbilla parean ere ur-handiak ibili ziren baina, zorionez, ez zen Baztan aldean izan diren hainako kalterik suertatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun