erran.eus

Uholdeek kalte material handiak utzi dituzte Baztanen

  Gertaerak  Baztan

Erratzu, Arizkun eta Elizondo dira herririk kaltetuenak

Ortzegunetik ortziralera 107 l/m2ko erregistratu ditu Gorramendiko estazio metereologikoak, eta horietatik 37 l/m2ko ordu bakar batean, 05:50etik 06:50era. Aspaldiko urteetako uholderik handiena izan dute Baztan aldean eta ortziral goizeko lehen orduetan, Jaime Urrutia karrikan urak metroa baino gehiagoko altuera hartu zuen eta inguru horretan aparkatutako autoak mugitu egin zituen urak ekartzen zuen indarrarekink. Ikusi bideoa

Uholdeek kalte material handiak utzi dituzte Baztanen
Ura Txokotoko Muniarteko zubiaren gainetik. Utzitako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Ortzegunetik ortziralera 107 l/m2ko erregistratu ditu Gorramendiko estazio metereologikoak, eta horietatik 37 l/m2ko ordu bakar batean, 05:50etik 06:50era. Aspaldiko urteetako uholderik handiena izan dute Baztan aldean eta ortziral goizeko lehen orduetan, Jaime Urrutia karrikan urak metroa baino gehiagoko altuera hartu zuen eta inguru horretan aparkatutako autoak mugitu egin zituen urak ekartzen zuen indarrarekink. Ikusi bideoa

Kalte material handiak eta salbamenduak

Erratzu aldetik beheiti, uholdeak kalte handiak utzi ditu Baztan uhaldearen bazterretan. Erratzun berean etxe auniztan sartu da ura, baita Arizkunen ere. Lamiarritan zegoen haur kanpamendua Luzaidera ebakuatu dute.

Beherago, Elbeten eta batez ere Elizondoko Jaime Urrutia eta Braulio Iriarte karriketan ur handiak ibili dira goizeko hamarrak bitarte. Zahar Etxean eta Kiroldegian egoera larrian zeuden hainbat pertsona salbatu behar izan dituzte. Liburutegia larriki kaltetua gertatu da eta baita Osasun Etxea ere. Egoera normalizatu bitartean, osasun arrreta Iruritako kontsultategira eraman dute.

Etxeetako beheko solairu, denda, ostatu, jatetxe, Balleko Etxe, kultur etxe, liburutegi… guzietan ere kalte material handiak izan dituzte. Orain, gelditu den hondamena garbitu eta txukuntzen hasteko tenorea da.

Denbora llaburrean bota duen ur kantitateaz jabetzeko, datu argigarria da Oharriz parean Baztan errekari neurtu dioten ur-emaria. Goizeko 5etan 0,4 metroko altura zekarren errekak eta 5 ordu beranduago, goizeko 10ak aldera, 4 metrotaraino hazi da, eta segunduko 355,33 m3 neurtu dituzte, errekorra 1985ean neurtzen hasi zirenetik.

Doneztebeko Aparan Industrialdean eta Sunbilla parean ere ur-handiak ibili dira baina, zorionez, ez da Baztan aldean izan diren hainako kalterik suertatu.

Aseguruei eta kontsortzioari gaztigatzeko zazpi eguneko epea dago

Uholdeen ondorioz kalteak izan dituztenek euren aseguru etxeekin eta Kontsortzioarekin lehenbailehen harremanetan jartzeko tenorea da orain, aseguruen polizak errebisatu eta jasandako ezbeharrengatik kalte-ordainik egokitzen den jakiteko. Epea ere bada horretarako: zazpi egun gehienez ere. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak telefonoa badu kasu hauetarako: 902 222 665 edo 948 207 140, eta baita web orria ere: www.consorseguros.es

Kontuan hartu behar da behar-beharrezkoa dela kaltetutako hondasunak atxikitzea peritoa pasatu arte edo, gutienez, argazkiak ateratzea eta egindako konpontze lanen fakturak gordetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa