Baztango Balleko Etxean diploma eman zitzaien ekainaren 19an ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programaren barrenean Udalbiltzak hautatutako 19 proiektuen ordezkariei. Udalbiltzak 6.000 euroko diru-laguntza emanen die ekimen enpresarial eta sozial haietako bakoitzari.
Ekitaldia Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen agurrarekin hasi zen. Pirinioetako ibarren egoera zaila dela onartu ondoren, kezkatuta agertu zen Nafarroako Gobernuak ez duelako lurralde guztiaren garapen orekatuaren alde egiten.
Hala ere, biktimismoan ez erortzeko apustua egin zuen: «konponbidea lan egitea da, alternatibak bilatzea, gure baliabideekin politika egitea eta herritarrei aukera berriak eskaintzea». Gaineratu zuenez, hori da Udalbiltza egiten ari dena ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ programaren bidez, tokiko beste eragile batzuekin elkarlanean. «Programa horri esker, hilabete bakar batzuetan energia positiboa sortu dugu gure eskualdean, eta dozenaka ekintzaileren proiektuak bultzada izatea lortu dugu», erran zuen.
Udalbiltzaren lehendakariordea eta udal zinegotzia den Maite Iturrek Pirinioetako bizilagunak animatu zituen eskualde honen alde lan egiten segi dezaten. Laguntza-deialdi honetan parte hartu duten pertsona, enpresa eta erakunde guztiei beren lana eskertu ondoren, hautatu diren 19 proiektuen sustatzaileak zoriondu zituen. «Espero dugu laguntza hauek baliagarriak izatea zuen ideiak eta zuen ametsak gauzatzeko eta Euskal Pirinioak garatzen laguntzeko», adierazi zuen.
Azkenik, Mertxe Aizpurua lehendakariak Euskal Herriko garapen desorekak gutxitzen laguntzeko Udalbiltzaren konpromisoa aipatu zuen, eta horretarako bertako erakundeekin, eragile sozialekin eta herritarrekin batera lan egin nahi dutela. «Auzolanen aldeko apustua egin dugu, lan kolektiboaren alde, gizarte-sarea sendotzearen eta herritarrak aktibatzearen alde, horrela, aurrera egiteko gure tresnak sortzeko».
Modu berean, Euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta sozialerako programak hiru urte iraungo duela gogoratu du, 2014tik 2016ra alegia. Gero, lehendakariak diplomak banatu dizkie aukeratu diren proiektuen ordezkariei.
ESKUALDEKO PROIEKTUAK
‘ERAGIN’ PROGRAMA
‘Baztango Xurie: Baztan bailaran mahastigintza eta ardogintza proiektua’
Arizkunen (Baztan) ardo ekologikoa egiteko proiektua. 1,5 hektarea dituzte landatuak, eta 4 hektareara ailegatu nahi dute, eta urtean 20.000 litro produzitzeko ardandegi bat sortu.
‘Belaun’
Belaun kooperatibak (Aldudeko eta Baztango sei abeltzain) gaur egun duten dendaren salmenta zabaldun nahi dute. Eraikin handiagoa eraiki nahi dute, eta komunikazio-bideak sortu hiru hizkuntzetan, beren jardueraren berri emateko.
Aritzakungo turismoa bultzateko proiektua
Proiektu honek eskualdean dagoeneko baden natura turismoaz baliatu nahi du. Aritzakun Baztango toki zokoratuenetako bat da, baina baita aberastasun naturalistiko handienekoa ere. Benta txiki bat sortu nahi dute, otorduak zerbitzatzeko, eta, epe ertainean, mendiko aterpe bat ere sortu nahi dute, informazioa emateko eta aisialdiko jarduerak bultzatzeko.
‘GARAPEN SOZIALA’ PROGRAMA
‘Zaharrakberri: Arropari bigarren bizitza emanez’
Baztanen arropa erabilia aprobetxatzeko abian jarri nahi den proiektu bat da. Fase guztiak sartzen dira: materiala biltzea, transformatzea, biltzea eta merkaturatzea. Sentsibilizazio lana ere egin nahi lukete. Sustatzailea: Bidelagun elkartea.
‘ELGARREKIN’ PROGRAMA
‘Pirinioetako agerkari digital euskalduna’
Pirinioetako eskualde guztian euskarazko agerkari digital bat sortzeko proiektua. Informazioa izanagatik helburu nagusia, proiektuak beste asmo batzuk ere baditu: Piirinioen alde bateko zein besteko herritarren arteko komunikazio moduak erraztea eta euskara bultzatzea. Sustatzaileak: Tokikom eta zonaldeko zortzi euskarazko komunikabideak.