Baztango herriko bestetan ahalik eta otordu gehienetan bertako produktuak erabiltzeko herritarren ekimena aurkeztu zuten ekainaren 18an Arizkunenean. «Baztan Tokiko garapenaren ikuspegitik eraiki daitekeela uste dugu, herritarren konpromisoan eta bertako baliabideen erabilera arrazoizkoan tokiko ekonomia, gizarte harremanak, balioak indartu eta aldatu daitezkeela. Bide horretan, balio handia duen pausu ttikia da proposatzen duguna, herrietako bestetan antolatzen ditugun otorduetan: hameketakoak, bazkariak, afariak, merenduak, txokolatadak… Ahal dugun neurrian bertako produktuak erabiltzea: txokolatadetan bertako esnea, zikiro-jateetan bertako bildotsak, postreak…» jakinarazi zuten.
Herri bakoitzak ikusiko omen du zer otordu antolatzen dituen eta zer pausu ematen ahal dituen. Ondoko urtean konpromisoen taulak eta helburuak zehatzago ezarri eta beteko dituzte, hau hasiera bertzerik ez baita. Modu horretan, aurtengo bestetako otorduetako menuetan edo eskaintzetan ere bertako produktuak erabili ahal izateko aldaketak egon daitezke.
Ekimen hau ttikia da eta egiteko modukoa, Besta Batzordeetako kideen erranetan. «Balio handia du, konpromiso bat delako eta eragina duelako. Eragina du bertako produktuak baloratzeko, bertako produktoreak laguntzeko, herritarrei kontzientzia hartzen laguntzeko eta ohitura aldaketa ttikiak errazteko. Pausu ttikia baino balio handikoa. Hasi gaitezen hortik herritarrak inplikatuz eta bertako baliabideak aktibatuz. Aurtengo bestetan bertako produktuak» adierazi zuten aurkezpenean.
Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Elizondo, Lekaroz, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz, Berroeta eta Anizko besta batzordeek bat egin dute gaurgero ekimenarekin eta Baztandarren Biltzarrak ere bat egin du.