Guillermo Etxenike Iruritako gazteak erronka gogorra osatu zuen maiatzaren 30ean. Zigako gainetik Saioara (1.418 metro) 46 kiloko zamarekin igo zen, hotzari, euriari eta haizeari aurre eginez; handik Iruritako plazara jautsi eta 100 kiloko harri zilindrikoari hiru altxaldi eman eta Andoni Irigoien bikote zuela, arpanarekin 20 ebaketa eman kanaerdiko enborrari. Sei ordu baino guttiagotan egitea zuen erronka eta azkenean, 19 minutu soberan izan zituen. Aitzinetik sobera iragarri gabea bazegoen ere, Iruritako plaza betetzen zuen jendetzak txalo zaparrada eskaini zion herriko gazteari apustua burutzerakoan.