Hirugarren liburua aurkeztu du Hasier Larretxea arraioztarrak

TTIPI-TTAPA 2014ko eka. 12a, 09:05

Hasier Larretxea Utzitako argazkia.

Erein argitaletxearen eskutik argitara eman du ‘Larremotzetik’

Hasier Larretxea a­rraioztarrak bere hirugarren liburua aurkeztu zuen ekainaren 3an Donostian. Larremotzetik, sentsibilitate mindu baten autobiografia. «Aitak egurrarekin eratzen dituen irudi eta formak hitzekin eratzen saiatu naiz», dio egileak.
 
Azken bala eta Atakak poesia-liburuen ondotik, Larremotzetik liburua narratiba edo prosazkoa da, baina «poesiatik ere edaten duena”. Inguru ederrean jaiotzea egokitu zitzaion Hasierri. Begientzat ederra bezain pertsona sentsibleentzat gordina den inguru batean. Bere hitzak berreskuratuz, «baso hertsietan aita eta osaba aizkolariekin galdu izan naiz. Aizkorakadaren oihartzuna, adar arteko iluntasunaren ­erreflexua zen».
 
Hasierren izaerarako, latza zen herri giroko gordintasun hura. Distantzia behar zuen. Distantzia fisikoa aurrena. Madrilera joan zen bizitzera. Eta literatura hartu zuen sendagai: «Landa ingurunean, salbu mantendu ninduen bular-oskola zen literatura».
 
Larretxeak eskerrak eman nahi izan zizkion Pello San Millan argazkilariari, azaleko argazkia berea baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun