Baztango Ezkerra eta Baztango Garapenerako Elkartea ikamikan dabiltza. Garapen Elkartearen ustez, Baztango Ezkerrak seriotasun gutti erakutsi du Erdizen Magnaren proiekturako lur erreserba ez duenean sartu EMOT-Baztanen baitan, «UPNrekin eta enpresarekin egindako bileretan horren aldeko hitza eman zuenean».
Ezkerraren oharrak dioenez, “pertsona batzuei burua maiz freskatu behar zaie, errealitatea manipulatzeko joera baitute. Hau da Baztango Garapenerako Elkartea izeneko elkartearekin gertatu dena. Hauek, haien helburua Baztanen aberastasuna sortuko duten enpresa proiektuak eskuratzea dela diote, baina haien ekintzak ikusita enpresa pribatu edo alderdi politiko zehatz baten itzaleko ordezkariak direla dirudi».
Ezkerratik aipatu dutenez, beti defendatu dituzte Baztanera hurbiltzen ahal diren enpresa ekimen guztiak kontutan hartu behar direla eta Magnako egoitzan parte hartu duten hiru bileretan bere jarrera beti aktibitatea ezartzearen aldekoa izan da eta «horretarako eman zitzaion Magnako ordezkariari proiektua aitzina eraman ahal izateko jarraitu beharreko ibilbide orri bat». Ibilbide orri horren lehen urratsa, udalean proiektua zen. Ondotik, Baztanen herri galdeketa bat egin beharko litzateke eta akitzeko, galdeketaren emaitza Batzar Orokorrari aurkeztu beharko litzaioke.
Egun, Udalean ez da zentzu honetako inolako proiekturik erregistratu, eta Baztango Ezkerraren erranetan «enpresa uzkur ageri da baztandarrei galdetzeko orduan». Honengatik guztiagatik EMOT onartu zen, proiektu hau kanpoan gelditu zelarik.
Baztango Ezkerraren harridurarako, «Batzar Orokorraren mezperean, gure udal ordezkariek Garapen Elkarteko kide batzuen bisita izan zuten, lantokian eta etxean. Kide hauekin batera Magnako ordezkari bat ere zegoen. helburua Batzar Orokorra boikoteatzea zelarik».
BAZTANGO GARAPEN ELKARTEAREN ERANTZUNA
Baztango Garapenerako Elkarteak, bere aldetik adierazi du «Ezkerraren salaketa faltsuek ez dituzte gure lan metodologia eta helburuak aldaraziko, hau da baztandarrendako lanpostuak sortzea eta aurrerapen ekonomikoa bilatzea».
Baztango Ezkerratik udal ordezkarien «ehizian» ibili zirela salatutakoetako aunitz talde horren botuemaileak direla eta beraiei esker daudela bi zinegotziak dauden lekuan ere gogoratu dute Garapenerako Elkartetik. Harrobia bideragarria izateko bide-orriaren baitan herri galdeketa egitea Baztango Ezkerraren «asmakizuna» dela ere erran dute, «errealitatearekin zerikusirik ez duena», lehenago inoiz ez baita horrelako galdeketarik egin Baztanen negozio bat irekitzeko edo harrobi bat ustiatzeko.
EMOT onartu aitzineko egunean, Ezkerrako zinegotziek Baztango Garapen Elkarteari eskatu omen zioten Erdizko meategi proiektuari buruzko dokumentazioa ematea eta horixe omen zen zuzendaritza batzordekoen asmoa, «baina ez zituzten paperak hartu nahi izan». Batzar Orokorra boikoteatzeko saiakerari dagokionez, gezurra dela diote Garapen Elkartetik, «elkarte honetako inor ez baitzen plenoan izan».
Akitzeko, azalpenen ondotik, Ezkerrako kideekin ez dutela minutu bat gehiago galduko diote Baztango Garapen Elkartekoek, «ez dutelako lan aukerak eraikitzeko laguntzen, suntsitzen baizik».