Baztango Udalak eta euskaraz ari diren eskualdeko tokiko komunikabideek bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute maiatzaren 20an Balleko Etxean. Zehazki, Ttipi-Ttapa Fundazioak, Xaloa Telebistak eta Xorroxin Irratiak sinatu dute hitzarmena. Ekitaldian, Garbiñe Elizegi alkatea, Joxemanuel Irigoien (Ttipi-Ttapa), Josetxo Apezetxea (Xorroxin) eta Joseba Igarabide (Xaloa) izan dira.
Alde batetik, hiru komunikabideak «udalerriko nahiz eskualdeko albisteak, gertaerak, tokiko gizarte bizitza eta kultura adierazpenak, bertako erakunde publikoen erabakiak eta baztandarrendako bereziki interesgarri gertatzen diren edukiak gizarteratu eta hedatzeko bidea» direla aitortzen du Udalak eta aldi berean, «euskararen gizarte erabilera bermatu eta sustatzeko nahitaezkotzat» jotzen ditu. Horregatik, tokiko komunikabide horiek bermatu eta sendotu nahi ditu eta beraien jarduerekin segi dezaten dirulaguntza emanen die urtero. Ttipi-Ttapa hamaboskariari 5.500 euroko laguntza emanen dio eta Xaloa Telebistari eta Xorroxin Irratiari, bakoitzari 7.500 eurokoa.
Hiru komunikabideek Baztan udalerriaren gaineko informazioa ematen segituko dute, euskararen alde antolatzen diren kultura, kirol eta bertzelako ekintzak bereziki zabalduko dituzte eta euskararen erabilerari eta Baztanen euskararen gizarte erabilera normalizatzeari lehentasuna emanen diete. Horretarako, ahal den heinean, Baztango euskal mintzoa erabiliko dute. Bertzalde, udalarekin dituzten harremanak ere euskaraz izanen dira. Urte hasmentan gastu aurreikuspena eta akabailan memoria ekonomikoa (urtean izan diren diru sarreren eta irteeren balantzea) aurkeztu beharko dizkiote Baztango Udalari.