Guillermo Etxenike Iruritako gazteak erronka gogorra osatu zuen ortziralean. Zigako gainetik Saioara (1.418 metro) 46 kiloko zamarekin igo zen; handik Iruritako plazara jautsi eta 100 kiloko harri zilindrikoari hiru altxaldi eman eta Andoni Irigoien bikote zuela, arpanarekin 20 ebaketa eman kanaerdiko enborrari. Sei ordu baino guttiagotan egitea zuen apustua eta azkenean, 19 minutu soberan izan zituen.
Ortziral arratsaldeko 2etan abiatu zen eta hotza eta euria izan zituen lagun hasieran, baita kazkabarra ere. Hasieran gaizki pasatu arren, 3 ordu eta 21 minututan igo zen Etxenike Saioara. Handik Iruritara jautsi eta, apustua sobera iragarri ez bazen ere, jendetza zuen esperoan bestak ospatzen zituen Iruritako plazan. Harriarekin ongi ibili zen, Josetxo Urrutia laguntzaile zuela, nahiz eta hirugarren altxaldiak lanak eman. Azkenean, Irigoien lagun zuela, 20 korte eman zizkioten arpanarekin 54 ontzako enborrari eta iruritarren txalo zaparrada jaso zuen