Baztango Garapenerako Elkarteak erantzun egin dio Baztango Ezkerraren prentsa-oharrari. Garapen Elkarteak dioenez, «Ezkerraren salaketa faltsuek ez dituzte gure lan metodologia eta helburuak aldaraziko, hau da baztandarrendako lanpostuak sortzea eta aurrerapen ekonomikoa bilatzea».
Baztango Ezkerratik udal ordezkarien «ehizian» ibili zirela salatutakoetako aunitz talde horren botuemaileak direla eta beraiei esker daudela bi zinegotziak dauden lekuan ere gogoratu dute Garapenerako Elkartetik. Harrobia bideragarria izateko bide-orriaren baitan herri galdeketa egitea Baztango Ezkerraren «asmakizuna» dela ere erran dute, «errealitatearekin zerikusirik ez duena», lehenago inoiz ez baita horrelako galdeketarik egin Baztanen negozio bat irekitzeko edo harrobi bat ustiatzeko.
EMOT onartu aitzineko egunean, Ezkerrako zinegotziek Baztango Garapen Elkarteari eskatu omen zioten Erdizko meategi proiektuari buruzko dokumentazioa ematea eta horixe omen zen zuzendaritza batzordekoen asmoa, «baina ez zuten paperak hartu nahi izan». Udal batzarra boikoteatzeko saiakerari dagokionez, gezurra dela diote Garapen Elkartetik, «elkarte honetako inor ez baitzen plenoan izan».
Akitzeko, azalpen hauen ondotik, Ezkerrako kideekin ez dutela minutu bat gehiago galduko dio Baztango Garapen Elkarteak, «ez dutelako lan aukerak eraikitzen laguntzen, lan aukerak suntsitzen baizik».