Guillermo Etxenike Iruritako gazteak animazioa jarri nahi dio herriko Salbatore bestei maiatzaren 30ean, ortziral arratsaldean eginen duen erronka gogorrarekin. Sei ordutan osatu nahi du korrika eta herri kirola uztartuko dituen proba.
Ortziralean, 14:00etan Zigako gainetik aterako da 46 kiloko zakua bizkarrean duela eta Saioa mendira igoko da (1.000 metroko desnibela). Buelta zakurik gabe eginen du, oinez Iruritako plazaraino. Iruritako plazan, lehenik 100 kiloko zilindroarekin hiru altxaldi eginen ditu eta ondotik, Andoni Irigoien bikote duela, 20 ebaketa emanen dizkio trontzarekin kanaerdiko enborrari. Erran bezala, sei ordutan egin nahi du erronka hau.