Baztango Ezkerrak baztandarrak jakinaren gainean jartzeko asmoarekin, oharra eman du argitara. Baztango Garapenerako Elkarteak egindako salaketei erantzun die. Garapen Elkartearen ustez, Baztango Ezkerrak seriotasun gutti erakutsi du Erdizen Magnaren proiekturako lur erreserba ez duenean sartu EMOT-Baztanen, «UPNrekin eta enpresarekin egindako bileretan horren aldeko hitza eman zuenean».
Ezkerraren oharrak dioenez, «pertsona batzuei burua maiz freskatu behar zaiela ematen du, errealitatea desitxuratzeko joera baitute, edo hobe erranda, errealitatea manipulatzeko joera. Hau da Baztango Garapenerako Elkartea izeneko elkartearekin gertatu dena. Hauek, haien helburua Baztanen aberastasuna sortuko duten enpresa proiektuak eskuratzea dela diote, baina haien ekintzak ikusita enpresa pribatu edo alderdi politiko zehatz baten itzaleko ordezkariak direla dirudi, inolaz ere zuzenak ez diren jokabideak erabiliz».
Baztango Ezkerratik aipatu dutenez, «beti defendatu dugu Baztanera hurbiltzen ahal diren enpresa ekimen guztiak kontutan hartu behar direla, eta horren erakusgarri dira Magnako egoitzan parte hartu dugun hiru bilerak. Aipatutako bilera hauetan gure jarrera beti aktibitatea Baztanen ezartzeko aldekoa izan da, eta horretarako eman zitzaion Magnesitas Navarras S.A. enpresako ordezkariari proiektua aitzina eraman ahal izateko jarraitu beharreko ibilbide orri bat».
Ibilbide orri horren lehen urratsa, udalean proiektuaren aurkezpena egitean zen, baztandarrendako ekarriko dituen onura ekonomiko, sozial eta bertzelakoak azalduz. Ondotik, Baztanen herri galdeketa bat egin beharko litzateke, Baztango jendea Erdizeko meatze proiektuaren alde dagoen ala ez erakusteko eta akitzeko, galdeketaren emaitza Baztango Batzar Orokorrari aurkeztu beharko litzaioke, emaitzaren arabera joka zezan.
Egun, Baztango Udalean ez da zentzu honetako inolako proiekturik erregistratu, eta Baztango Ezkerraren erranetan «enpresa uzkur ageri da baztandarrei galdetzeko orduan». Honengatik guztiagatik LOEE onartu zen eta proiektu hau kanpoan gelditu zen.
Baztango Ezkerraren harridurarako, «Batzar Orokorraren mezperean, gure udal ordezkariek Baztango Garapenerako Elkarteko kide batzuen bisita izan zuten. Kide hauekin batera Magna enpresako ordezkari bat ere zegoen. Aipatutako bisita hauek udal ordezkari baten laneko lekuan eta bertzearen etxean izan ziren, hurrenez hurren, helburua Batzar Orokorra boikoteatzea zelarik».
Baztango Ezkerratik salatu nahi dituzte ekintza hauek, «baztandar guztien interesen alde lan egiten omen duten elkarteko ordezkari batzuek erabilitako moduak penagarriak direla uste dugu. Hori dela eta, afera hau gure lege-aholkularien eskutan dago».
Ezkerrako zinegotziek eskertu nahi izan dute «baztandar aunitzek erakutsitako babesa, baita Baztango Garapenerako Elkarteko kide batzuena ere, engainatuak eta erabilitako jokabidearekin erabat kontra daudela adierazi digutenak».