Baztango Udalak eta Batzar Nagusiak eta Urdazubiko Udalak hamar urterako lankidetza eta adiskidantza harremanak zehazteko administrazio hitzarmena sinatu zuten maiatzaren 20an. Bi herrietako alkate eta zinegotziak izan ziren ekitaldian.
Mendez mende eta usadioz eman da bi herrien arteko harremana, hala nola bazkalekuak, belaiak, iralekuak, iturburuak, hilerriak, hondakin bilketa, osasun zerbitzuak, hezkuntza zerbitzuak edota suhiltzaile zerbitzuak aprobetxatu eta onura ateratzeari dagokionez, eta erabilera eta usadio hori aitortzen du hitzarmenak. Gai horiek arautzeko saiakerek ez zuten orain arte idatzizko emaitzarik izan.
Katalinkonea, Hirumugakolepo, Gorramendiko errebidea, Otsondoko pasabidea, Lizarmeaka, Indarteko borda, Bi Zubiak alderditik Urdazubiko mugetaraino Orabideko errekari jarraikiz eta berriz ere Katalinkonea lotzen duen eremuari dagokionez, Baztanek baimena ematen dio Urdazubiko udalari ura eramateko, baita Barretako errekako ura hartzeko Urdazubiko auzokideen beharrak asetze aldera. Iraleku, belai, bazkaleku eta zuhaitzei dagokienez, Baztango Batzar Nagusiak baimena eman du Urdazubiko auzokideen ardi, behi, zaldi eta bertze aziendek erabiltzeko, ahuntzek izan ezik.
Berez Baztango lurrak izaki, baina Urdazubitik hurbil dauden hiru eremu eta auzoetako (Laputxaialdea eta Ekain) hondakinak Urdazubiko Udalak berak bildu eta kudeatuko ditu, orain arte bezala. Auzo horietako bizilagunek Urdazubiko eskola, osasun zerbitzuak edota kanposantua erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie, orain artean egin duten bezala. Senpereko suhiltzaileen bitartez auzokideei ematen dien laguntza eta suhiltzaile zerbitzua ere aitortzen du Urdazubiko Udalak.