EMOT-en helburua etxebitzarako eskubidea bermatzea dela dio Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 15a

Etxebizitza-blokeen aldeko apustua egin dela salatu du UPNk

Udal Plana eta berriki Udalaren Osoko Bilkurak onetsi duen Lu­rraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua zehazten duen dokumentua (EMOT) hizpide hartuta, Bilduk eta Baz­tango Ezkerrak etxe­bizitza-blokeen aldeko apustua egin duela salatu zuen UPNk, «Baztanen ohikoak izan diren familia bakarreko etxeen eta baserrien alde egin beharrean».
 
Dokumentua «pre­sa­ka eta isilpean» onartu dela ere aipatu du UPNk eta ez direla adituen iri­t­ziak eta proposamenak kontuan hartu.
 
Udal Gobernu Taldeak, bere aldetik adierazi duenez, «berriz ere, ikusten dugu UPN, jendea konbentzitu ezinik, jendea nahasten saia­tzen ari dela. Onartu den EMOT dokumentuaren helburua, bertzeak bertze, baztandar guztiei etxe­bizitzarako eskubidea bermatzea da». Hori horrela, behin Baztango etxebizitzen errolda ikusirik, hondar urteotan sektoreak eta gizarte-beharrak izan duten garapena azterturik, egungo egoera miaturik… honako hierarkia hau ezarri da: «hutsik dauden etxebitzitzak erabiltzera bultzatzea, eginak dauden etxebizitzen zaharberritzea lehenestea, eta etxebizi­tza berriak eraikitzeari dagokionez, etxebizi­tza kolektiboa familia-etxe­bizitzen aitzinetik paratu. Hori dena logikoa, erraza eta zentzuzkoa da eta ulertu nahi duenak ez du azalpenik behar», Udal Gobernu Taldearen erranetan.  
 
EMOT dokumentua prestatzeko prozesuan herri bakoitzaren errealitatera moldatzea eta herritarrren partehar­tzea bultzatu dela azpima­rratu dute udaletik: «Ezta­baida prozesuan 4 herrik guztira 9 iradokizun ekarri dituzte, haien ustez herri bakoitzarendako egokiena den ereduaren gainean. 4 horietarik 3 onartu dira eta laugarrena zati batean ere bai. Bertze 5ak Udal Plana eratzean aztertuko dira. Guztira 100 baztandarrek baino gehiagok hartu dute parte. Iradokizunen fasean 81 proposamen aurkeztu dira».
 
Udal Gobernu Taldeak dioenez, «UPNri bitxia iruditzen bazaio ere, herritarren gehienek nahi dutena etxebizitza bat izatea da eta ez familia-txaleta egiteko prozesu arazotsuan sartzea. Bistan da familia-etxebizitzendako ere aukera izanen dela. Eta betiere Baztanen dauden errealitate desberdinak aintzat hartuz».
 
ERDIZ BIZIRIK
Txostena udalba­tzarrean onartzekoa zen egunean, Magnak eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruan dabiltzan jendeak udalbatzarkideei «azken momentuko presioak» egin dietela salatu du Erdiz Bizirik taldeak, eta gisa honetara «Erdizeko bazkaleku komunala, Europako legeek duen balio ekologikoagatik babesturikoa, jarduera moduan kalifikatzea» lortu nahi izatea leporatu diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun