Eztabaida piztu du Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia txostenak. Aldi honetan, Erdiz Bizirik taldeak Magnaren eta Baztango Garapenerako Elkartearen eledun gisa ibili denaren jokabidea salatu du ohar bidez. Erdizi Biziriken arabera, aipatutako txosten hori udalbatzarrean onartzekoa zen egunean, «Magnak eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruan dabiltzan jendeak udalbatzarkideei buruz azken momentuko presioak egiten ibili ziren». Udalbatzarraren aitzinetik «hautetsi baten etxerat agertu eta Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia proposamenaren aurka bozkatzeko presioa egin ziotela» adierazi du Erdiz Bizirikek. Gisa honetara, Magnak eta Baztango Garapenerako Elkartearen ingurukoak Erdizeko bazkaleku komunala «jarduera industrialerako erreserba moduan kalifikatzea» lortu nahi dutela dio Erdiz Bizirikek.
«Mafiosotik hurbil dagoen jokabidea» dela iritzio dio Erdiz Bizirikek, «Baztango ekonomiaren funtzio produktibo argia duen bazkaleku komunala eztabaida publikorik gabe eta presio bidez desegin nahi izan dute». Horrelako jokabideak «guztiz onartezinak» direla dio eta «Magna eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruan ibiltzen diren batzuk nor diren eta nola aritzen diren garbi erakusten duela» gaineratu du.
Bide batez, Erdiz Bizirikek oroitarazi du Erdizeko bazkaleku komunala ehun baserritar inguruk erabiltzen dutela, eta horrek «bailaran duen eragin ekonomiko, sozial eta kultural garrantzitsua» adierazten duela. Erdiz Aldude Mendi izeneko Zainketa Bereziko Eremuan dagoela ere gogoratu du Erdiz Bizirik taldeak eta Europak horrelako tokietan harrobiak egitea debekatzen duela. «Magnaren balizko proiektua Baztango ekonomia errealaren aurkakoa da eta gainera, Europako legeen kontrakoa», argitu du taldeak.