‘Baztan: Natura eta Kultura bizia’ proiektuaren gida-mapa aurkeztu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko mai. 1a, 13:14

Proiektuaren gida-maparen aurkezpenea egin zen Museo Etnografikoan. Utzitako argazkia

Ondarea ezagutarazten duten zerbitzuen informazioa ematen da

Baztango Museoaren Kontseilu Errektore­an, museoaren funtzioak sendotzeko eta ai­tzinera eramateko aukerak aztertu eta eztabaidatu ondoren, Baz­tango ondare naturala eta kulturala lantzen dituzten elkarte eta zerbitzuekin elkarlana bul­tzatzea eta sinergia sor­tzea beharrezkoa dela ikusi zen. Lehen pausoa apirilaren 14an aurkeztu zen gida-mapa diseinatzea izan da. 
 
Gida-mapa honetan museoa ez ezik Baztango ondarea ezagutarazten duten zerbi­tzuen informazio ematen da, baita Baztango informazio orokorra ere. Baztanek daukan ondare natural eta kultural baliotsu eta dinamikoaren erakusle, gida-mapari (eta proiektu osoari) paratu zaion izena “Baztan: Natura eta Kultura Bizia” da.
 
Balleko Etxearen helburua ez da museo baten edo zerbitzu turistiko batzuen esku-orri soil bat diseinatzea, zerbi­tzu, elkarte eta iniziatiba guzi hauen elkarlana ere bultzatu nahi luke.
 
Horren harira, Museoan ikus ditzakegu gasna egiteko tresna zaha­rrak (zimitza, kaikua...) eta Anizko Jauregian ikus ditzakegu baserria, landak, behiak eta gas­na­tegia; gasnaren ekoiz­pen prozesua ezagut dezakegu Gorra­men­diko gasnategian ere. Sagar-munduari dagokionez, Gamioxarreko dolare barrokoa martxan ikus daiteke, eta Larraldea sagardotegiak eskaintzen duen esperientzia probestu. Berdintsu, taloei dagokienez, Amaiurko eta Etxaideko errotetan eskaintzen diren bisita eta dastaketekin. Baz­tan­go eta Nafarroako historia ezagutzeko au­kera ere bada Amaiurko gaztelu eta Iruritako Jauregiko bisitei esker.
 
Izan ere, Balleko Etxe­tik aipatzen dutenez, «zorionez badaude  kultura sustatzen diharduten hainbat elkarte; gure ondare naturala eta kulturala ikertzen, zaintzen eta ezagutarazten aritzen direnak». Baztango Museoak elkarte hauek egiten dituzten lanak ezagutaraziko dizkio publikoari.   Baztango museo eta zerbitzu sarearen proiek­tuaren lehen urra­tsa da hau. Honekin, turismoa eta merkatari­tza sustatu nahi dituzte, «gure bertako produktuak eta artisauak ezagutaraziz». 
 
Gaur egun Turismo Bulegoa Baztango Museoan kokatuta dago eta gero eta turista gehiago erakartzen ditu. Turista hauek esperien­tzia autentikoen bila dabiltza, eta zentzu horretan proiektuaren gida-mapak dauden zerbi­tzu, bisita eta ekitaldi guzien berri emanen die. 
 
Bertzalde, Museoan emanen den informazioaz gain, turistak ez ezik, herritar guztiak elkarteen ekitaldien be­rri izateko bertze argitalpenak, agenda, web o­rria eta sare sozialak hasiko dira erabiltzen aurki. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun