«Gure inguruan liztor beltzaren presentzia haunditzen zihoala eta Nafarroako Gobernuak ez zuela eta ez duela esku hartzen ikusirik, inguruan izan zezakeen eragin negatiboarekin kezkatuta», Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteak eta Udalak liztor beltzaren kontrako hitzarmena sinatu zuten, herrietako eskoletan informazio kanpaina egiteko. Eta halaxe izan da, Ana Altzuri Lasarte elkarteko teknikaria eskolaz eskola ibili da urtarriletik martxora liztor beltzaren inguruko xehetasunak ematen.
Eskolaz eskola, liztorra zer den eta inguruan eta guregan izaten ahal duen eragina azaldu die Anak, kontatu digunez, «gizakiontzat izan ditzakeen arriskuak azpimarratuz». Gisa honetara, «liztorraren inguruan sortutako mamu eta izugarrizko izurritearen ideia burutik kentzea lortu nahi genuen, animaliarekiko errespetua mantenduz». Tranpak nola eta noiz egin, eta nola berrikusi behar diren ikasi dute ikasle eta irakasleek. Plastikozko bi ur botilekin egindako tranpak egiten erakutsi die Anak, barrenean zerbeza edo aquariusa sartuta. Tranpak 15 egunetik berrikustea gomendatu die eta barreneko likidoa berritzea. «Erlezainak ez bagara, uda hastean tranpa hauek erretiratzea da egokiena, gure mendiak zaborrez ez betetzeko». Dena den, liztor beltzaren kontrola «utopia» dela dio Anak: «epe laburrean izanen dituen ondorio nagusiak erle eta fruituetan egiten ahal duen kaltea eta ondorioz, gertatuko den galera ekonomikoa dira. Denborarekin erleak liztorraren kontrako defentsa asmatuko duela erraten duen teorian itxaropena izan behar dugu, bertzela, epe luzean, erleengan batez ere, izugarrizko kaltea egin dezake animalia honek egun bizi duen egoera kezkagarria larriagotuz. Erleak defentsa garatu bitartean, laguntza beharko du».
Baztango herrietako eskoletako neska-mutikoen aldetik, «hagitz erantzun ona» jaso dutela adierazi digu teknikariak eta hortaz, ikastetxeei eta elkartearekin kolaboratu duten baztandarrei, elkarteko bazkide eta gainerakoeei, eskerrak eman nahi izan dizkie. Liztor beltzaren kontrako kanpainarekin hemendik aitzinera ere «hobetzen eta gauza berriak ikasten» saiatzeko asmoa dutela argitu digu,«gure ustez, hedatuegia baitago eta ez duelako hedapenarekin gelditzeko asmorik». Hori bai, «animaliari zor zaion errespetua izateko» ere eskatu du.