EMOT dokumentuaren helburua baztandar guztiei etxebitzarako eskubidea bermatzea dela dio Udal Gobernu Taldeak

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 6a

Etxebizitza-blokeen aldeko apustua egin dela salatu du UPNk

Baztango Udal Plana eta berriki Baztango Udalaren Osoko Bilkurak onetsi duen Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua zehazten duen dokumentua (EMOT deitzen duguna) hizpide hartuta, Bilduk eta Baztango Ezkerrak etxebizitza-blokeen aldeko apustua egin duela salatu zuen UPNk, “Baztanen ohikoak izan diren familia bakarreko etxeen eta baserrien alde egin beharrean”.

Baztango Udal Plana eta berriki Baztango Udalaren Osoko Bilkurak onetsi duen Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua zehazten duen dokumentua (EMOT deitzen duguna) hizpide hartuta, Bilduk eta Baztango Ezkerrak etxebizitza-blokeen aldeko apustua egin duela salatu zuen UPNk, “Baztanen ohikoak izan diren familia bakarreko etxeen eta baserrien alde egin beharrean”.

Dokumentuaren onarpena “presaka eta isilpean” egin dela ere aipatu du UPNk eta ez direla adituen iritziak eta proposamenak kontuan hartu.

Baztango Udal Gobernu Taldeak, bere aldetik adierazi duenez, “berriz ere, ikusten dugu UPN, jendea konbentzitu ezinik, jendea nahasten saiatzen ari dela. Onartu den EMOT dokumentuaren helburua, bertzeak bertze, baztandar guztiei etxebizitzarako eskubidea bermatzea da”. Hori horrela, behin Baztango etxebizitzen errolda ikusirik, hondar urteotan sektoreak eta gizarte-beharrak izan duten garapena azterturik, egungo egoera miaturik… honako hierarkia hau ezarri da: “hutsik dauden etxebitzitzak erabiltzera bultzatzea, eginak dauden etxebizitzen zaharberritzea lehenestea, eta etxebizitza berriak eraikitzeari dagokionez, etxebizitza kolektiboa familia-etxebizitzen aitzinetik paratu. Hori dena logikoa, erraza eta zentzuzkoa da eta ulertu nahi duenak ez du azalpenik behar”, Udal Gobernu Taldearen erranetan.

EMOT dokumentua prestatzeko prozesuan herri bakoitzaren errealitatera moldatzea eta herritarrren partehartzea bultzatu dela azpimarratu dute udaletik: “Eztabaida prozesuan 4 herrik guztira 9 iradokizun ekarri dituzte, haien ustez herri bakoitzarendako egokiena den ereduaren gainean. 4 horietarik 3 onartu dira eta laugarrena zati batean ere bai. Bertze 5ak Udal Plana eratzean aztertuko dira. Guztira 100 baztandarrek baino gehiagok hartu dute parte. Iradokizunen fasean 81 proposamen aurkeztu dira”.

Udal Gobernu Taldeak dioenez, “UPNri bitxia iruditzen bazaio ere, herritarren gehienek nahi dutena etxebizitza bat izatea da eta ez familia-txaleta egiteko prozesu arazotsuan sartzea. Bistan da familia-etxebizitzendako ere aukera izanen dela. Eta betiere Baztanen dauden errealitate desberdinak aintzat hartuz, ez baitira gauza bera herri handiak eta txikiak”.

Azkenik, dokumentu honen gaineko informazio guztia eskuragarri izan da hura kontsultatzeko eskatu duten pertsona guztiendako. Gainera, Udalak Hirigintza Zerbitzua herritarrendako ireki du eta iradokizunak aurkezteko epea handitu. “Baztango Udalak gardentasunez jokatu du prozesu guztian, UPNk agintean dagoen tokietan gertatzen ez den bezala” dio akitzeko Udalaren idatziak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun