Aziendak, artisau lanak eta etxeko produktuak etxetik edo baserritik karrikara ateratzeko, apirilean Baztanen egiten den hitzordu nagusia gainean da. Apirilaren 25ean, ortziralean, eginen da Udaberriko Feria Elizondon, Bertizko Partzuergo Turistikoak eta Baztango Udalak, herriko zenbait ostatu eta gozotegiren laguntzaz antolatuta.
10:00etan azienda feria izanen da Merkatu Plazan. Ahari lehiaketaren hamaseigarren edizioa ere eginen da. 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara artisautza eta bertako produktuen azoka paratuko da Foru Plazan. 11:00etan txistulariak ariko dira karrikaz karrika. 12:00etan Baztan-Zopak dastatzeko aukera izanen da Merkatuko Plazan eta 12:30ean Baztango dantzari ttikien saioa. 13:30ean ahari lehiaketaren sari banaketa eginen da Merkatu Plazan.
17:00etatik 19:00etara, umeentzat tailerra eginen da.
Zozketa bat ere eginen da eta horretan parte hartzeko artzain pasaportea eskatu behar da.
XVI. Ahari lehiaketa
Aitzineko urteetan bezala Baztango Ahari Lehiaketa ospatuko da, aurtengo XVI. edizioa izango delarik. Oinarrietan aipatzen den bezala Baztango latxa arrazako buruak parte hartzen ahal dute eta sariak bi ataletan banatuko dira: hiru “mutur gorriendako” eta bertze hiru “mutur beltzendako”. Bi kasuetan, saria berdina izanen da: Lehengo saria, kaiku bat eta 75 euro; bigarren saria, 50 euro eta hirugarren saria, 30 euro.
Parte hartuko duten artzainek 15 euroko dieta jasoko dute garraiorako eta ahari buruak aurkezten dituzten artzainei bazkaltzeko gonbidapena ere luzatuko zaie.