Baztanen martxan da Gure esku dago ekimena, eta gan den ortzilerean aurkezpena egin zuten Elizondon, arizkunenea kultur etxean. Leporaino betea zegoen aretoan, dinamikaren aurkezpena egin zuten, bideo batzuekin eta azalpenekin. Akitzeko, baztandar aunitzek parte hartu duten ikusentzunezko bat erakutsi zuten. Aipaturiko bideoa, youtuben Gure esku dago Baztan jarriz ikus daiteke, baita facebooken ere, gure esku dago baztan profilean. Aurkezpen ekitaldia akitzeko, argazki jendetsu bat atera eta pintxo batzuk eta tragoxkaren bat hartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Bertzalde, Gure esku dago dinamikaren baitan, Baztanen, “Gazta Zati Bat” izeneko dokumentala proiektatzen ari dira hainbat derritan. Gan den asteartean Erratzun izan zen dokumentala ikusteko aukera eta igandean Arraiozen. 20 lagun inguru bildu ziren. Dokumental hau Goierrin egina da eta Eskozia eta Euskal herria hartzen ditu ardatz, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin. Hurrengo egunetan bertze hainbat derritan izanen da aukera Gazta zati bat idokumentala ikusteko.
• Elizondo: Apirilaren 15ean atsaldeko 8etan arizkunenea kultur etxean.
• Amaiur: Apirilaren 17an ortzegunean atsaldeko 7etan.
• Aniz: Apirilaren 24ean atsaldeko 7etan.
• Arizkun: Apirilaren 25ean ilunabarreko 9:30ean.
Lip-duba grabatu nahi dute maiatzaren 17an
Bertzalde, jendearen partehartzea sustatzeko asmoz, heldu den maiatzaren 17an Elizondon Gure Esku Dago Eguna antolatu nahi dute, eta bertze gauzen artean, lip dub bat grabatu nahi dute eta egun horretarako gonbidapena luzatu dute. Norbanakoek eta Baztango eragile desberdinek lip dub-aren grabazioan parte har dezaten.
Bien bitartean, ekainaren 8ko giza katera begira, bertan parte hartzeko txartelak betetzen ari da jendea. Baztanen, elizondon intza ostatuan, arizkunen dolaetxean eta erratzun zubipunta eta altxukodendan eskura daitezke txartelak, baita gure esku dago kamisetak ere.