Baztango Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena apirilaren 11n eginen da Elizondon

TTIPI-TTAPA 2014ko apirilaren 7a

“Gazta zati bat” dokumentala herriz herri proiektatzen hasiko dira

Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena eginen dute apirilaren 11n, ortziral arratsaldelko 8:30ean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Bi bideo llabur eskaini eta azalpena emanen dute. Zerbait jan eta edateko aukera ere eskainiko da.

Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena eginen dute apirilaren 11n, ortziral arratsaldelko 8:30ean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Bi bideo llabur eskaini eta azalpena emanen dute. Zerbait jan eta edateko aukera ere eskainiko da.

Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, heldu den ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate bat eginen da. Durango eta Iruñea artean, milaka lagunek osatutako 123 kilometroko giza kate erraldoia. Giza kate hau antolatzeko, Euskal Herriko herri eta auzo desberdinetan lantaldeak osatu dira. Baztanen ere, taldetxo bat hasia da lanean, ekainaren 8ra begira, ekimen hau dinamizatzeko asmoz eta horren aurkezpena izanen da ortziralekoa.

 

Gazta zati bat, herriz herri

Giza katea arrakastatsua izateko helburua lortzeko bidean, Baztango Gure Esku Dago lantaldeak hainbat ekimen antolatu ditu ondoko egun eta asteetarako. Errate baterako, Baztango hainbat herritan “Gazta Zati Bat” izeneko dokumentala proiektatuko dute. Dokumental hau Goierrin egina da eta Eskozia eta Euskal herria hartzen ditu ardatz, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin. Ondoko herrietan izanen dira proiekzioak:

• Erratzu: Apirilaren 8an atsaldeko 8etan.

• Arraioz: Apirilaren 13an atsaldeko 5etan.

• Elizondo: Apirilaren 15ean atsaldeko 7:30ean.

• Amaiur: Apirilaren 17an atsaldeko 7etan.

• Aniz: Apirilaren 24ean atsaldeko 7etan.  

• Arizkun: Apirilaren 25ean ilunabarreko 9:30ean.

 

Lip-duba grabatu nahi dute maiatzaren 17an

Bertzalde, jendearen partehartzea sustatzeko asmoz, heldu den maiatzaren 17an Elizondon Gure Esku Dago Eguna antolatu nahi dute, eta bertze gauzen artean, lip dub bat grabatu nahi dute eta egun horretarako gonbidapena luzatu dute. Norbanakoek eta Baztango eragile desberdinek parte hartuko dute lip dub-aren grabazioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun