Baztan Balleko Etxeak antolatutako gaita ikastaroko ikasleek debuta izan zuten martxoaren 22an Elizondoko karriketan barna Jo ala Joko Baztango Gaitarien eskutik. Adin guztietako 12 gaitajole eta 4 atabalarik parte hartu zuten.
Larunbateko egitaraua arras xumea izanagatik, ongi pasatzeko aukera izan zuten. Plazan “Maiteak galdegin zautan” kantu zaharra joz hasi zuten eta gero karriketan barna dianak, kalejirak, baltsak… jo zituzten. Emanaldi artistikoa akitzeko Txokotoko zubian Xabier Leteren Habanera famatua jo eta gosari ederrarekin borobildu zuten goiza.
Oroitarazi atabal ikastarorako apuntatzeko epea laister hasiko dela eta adin guztietako musikariendako zabalik egonen dela. Informazio gehiago telefono honetan 659 11 99 04.