6,79 milioi euroko udal aurrekontua onartu du Balleko Etxeak

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 20a

Amaiurko ur-depositoa egitea izanen da inbertsiorik haundiena

6,79 milioi euroko udal aurrekontua onartu du Balleko Etxeak, aldeko 7 botuekin (Bilduko 5 eta Baztango Ezkerrako 2) eta UPNko kontrako 4 bozekin. Bertze bi zinego­tzi ez ziren batzarrean izan. Kopuru horretatik %8,10 inbertsioetarako bideratuko da, zehazki 550.317 euro. 
 
AMAIURKO UR-DEPOSITOA
Inbertsiorik haundiena Amaiurko ur hornidurarako depositoa eraikitzeko izanen da, 160.000 euroko aurrekontuarekin. Lan hau 2009-2012ko Tokiko Inbertsio Planean sartua dago eta Nafarroako Gobernuak %90eko dirulaguntza emanen du. Bideak eta pistak zolaberritzeko 73.137 euro erabiliko dira, ikastetxeetan obrak egiteko 30.000 euro (Nafa­rroako Gobernuak 14.850 euroko lagun­tza emanen du) eta Elizondoko ikastetxe publikoko leihoak eta jangela moldatzeko 32.000 eta 14.000 euro gastatuko dira, hurrenez hurren. Elizondoko Erabetako ur-depositua moldatzen 16.000 euro gastatuko dira eta Xalbador eta Gorramendi karriketako urak kanaliza­tzeko 7.700 euro. Iruritako frontoia moldatzeko 43.921 euro inbertituko dira eta Oronozko frontoiko komunak molda­tzen 14.839 euro. Oihan lanetarako 48.000 euro bideratuko dira eta aisialdirako baratzetarako 17.000 euro (5.638 euroko laguntza dago Feader funtsetik). Giltxaur­diko futbol zelaiaren galdara molda­tzeko 10.000 euro gastatu beharko dira.
Bertze kapital gastuei dagokienez, Eugiko udalari 30.000 euro itzuli behar zaizkio ­Erregerenako Mankomunitatearen derramatik, Erratzun erabilera ani­tzeko aretoa egiteko 15.000 euroko lagun­tza emanen da, Amaiurko Gazteluan segurtasun neurrietarako 10.000 euro eta Bortzirietako Mankomunitateari 6.330 euro edukiontziak erosteko.
 
Diru-sarrerei dagokienez, bertze erakundeen transferentzien bidez 2.832.890 euro jasoko ditu Baztango Udalak, zerga zuzenen bidez 2.005.600 euro, 797.850 euro tasen bidez eta 484.739 euro ondarearen eta herri-lurren ingresoengatik.
 
Gasturik handiena langilegoarena izanen da, 2.432.365 euro (%35,82) eta ondasun arruntak eta zerbitzuak ordaintzeko 2.297.250 euro erabiliko dira (%33,83).
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun