Baztanen orain aste batzuk abiatu zen “Mediku eskualduna nahi dut” kanpainaren orain artioko emaitzak baloratu ditu Udalak eta hemendik aitzinera egin nahi dituzten ekimenak ere aurkeztu dituzte. Garbiñe Elizegi alkateak, Maitane Maritorena euskara eta kultura zinegotziak eta Jon Abril, UEMAko ordezkariak eman zituzten azalpenak martxoaren 20an Arizkunenean.
Maitane Maritorenak aipatu zuenez, «kanpainak Baztanen herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea du xede». Osasun zerbitzua ematen duten langileak elebidunak izan daitezela eskatu da eta batik bat familia-mediku eta pediatra elebidunak eskatzera zuzenda, «horiek premiarik handiena dutenetako batzuk baitira». Kanpainaren lau astetan 65 eskaera bildu dira familia-medikuntza eta pediatria ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro ere euskaraz izateko. Eskaera kopuru adierazgarria da, «herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia erakutsi duena», udalaren ustez.
Jon Abrilek, UEMAko ordezkariak, oroitarazi zuenez, Euskararen Legearen arabera Baztan eremu euskaldun delakoan dago eta horretan «herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaiela. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, Gobernuak berak ez ditu errespetatzen». Ondorioz, Abrilek Nafarroako egoera kezkagarritzat jo zuen: «UEMAko kide diren 14 udalerrietako bakar batek ere ez dauka oinarrizko osasun zerbitzua bere osotasunean euskaraz emateko bitartekorik. Pediatrei dagokienean, Nafarroako gure 14 udalerrietan 7 pediatra aritzen dira, eta horietatik 4k ez dakite euskaraz, hau da, haurren ia %100 euskalduna den eremuan, pediatren %71k ez du haurrek egunerokoan darabilten hizkuntzarik ezagutzen». Familia medikuen kasuan, hiru udalerritan mediku erdaldunak daude. Eta horietatik batean, guztiak dira erdaldunak. Familia medikuen kasuan, ordezkapenen gaiak ematen ditu arazoak normalean, izan ere, ordezko medikuak datozenean, gehien gehienetan erdaldunak izaten baitira. Baztanen erraterako, 6 medikutatik 2ri eskatzen zaie elebiduna izatea, Nafarroako Gobernuaren plantilla organikoaren arabera, 8 erizainetatik 2ri eta bi administraritatik bati. Pediatrari, berriz, ez zaio eskatzen elebiduna izatea ere.
Jon Abrilek nabarmendu zuenez, UEMAk hainbat instituziorekin harremanetan dihardu egoera hau gainditzeko: «2013ko azaroaren 13an esaterako, Nafarroako Parlamentuan izan zen UEMAko udalerrietako osasun etxeetan eta liburutegietan euskaraz aritzeko ditugun zailtasunei konponbidea emateko eskatzen. Egoera gainditzeko neurri zehatzak ere proposatu genituen, baina egoerak bere horretan jarraitzen du».
Garbiñe Elizegik, Baztango alkateak Udalaren konpromisoa berretsi zuen «herritarrek osasun zerbitzua euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko». Xede horretara begira honako hau jakinarazi zuen: «Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena luzatu dio eta erantzunaren zain gaude».
Horretaz gain, alkateak kanpaina honetan bildu diren eskaerei jarraipena egiteko asmoa adierazi zuen eta horretarako, Udalaren esku dauden ekimenok gauzatuko dituela erran: Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen dio herritarren eskaerak kontuan har ditzala eta Baztanen bezala “Mediku eskualduna nahi dut” kanpaina egin den udalekin batera Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko du herritarren osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatze aldera plantilla organikoan beharrezko aldaketak egin ditzatela.
Azkenik, Baztango alkateak Nafarroako Gobernuak euskararekiko eta euskaldun jendearen eskubideekiko duen jarrera salatzea eta bertzelako hizkuntza politika eskatzea helburu duen larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin zien baztandarrei.