Geroa Baik Lekarozko AR1en (enpresa campusaren eramua) kalifikazio juridikoaren aldaketaren proposamena bertan behera uzteko eta lurzatien kalifikazioak Udalez Gaindiko Plan Sektorialean jaso ziren bezala gelditzeko alegazio bat aurkeztu du.
Geroa Baik adierazi duenez, «Baztanek dituen ezaugarri ekonomikoak direla eta, duen inguruari egokiak diren aktibitate ekonomiko berriak bultzatzea ezinbestekoa da». «Ildo honetan, Lekarozko Kultur, Hezkuntza eta Ekonomia Ekimenetarako Eremuaren proiektua bailarako aktibo estratejikoa da, aktibitatea sortzeko ahalmena duen tresna; hortaz, bailarak izan behar du bere kudeaketaren buru», Geroa Baiko Baztango herrigunearen ustez.
«Horregatik, bere momentuan bailararen esku gelditu ziren lurzati bakarrak Nafarroako Gobernuari lagatzea eta, zehazki, eliza dagoen ekipamenduetarako lurzatiari ondareko ondasunaren kalifikazioa ematea, Nafarroako Gobernuari 20 urtez lagatzeko, bailararen interesen kontrako ekimena», iruditzen zaio Geroa Bairi.
Geroa Bairen iritziz, «bailarak, hasieran aurreikusi zen bezala, lurzati hau gorde behar du eta lurzati honetarako aurreikusi diren aktibitateen martxan jartzea bere gain hartu beharko luke». Egungo egoeran, Baztango Geroa Baik aurreikusten den enpresen mintegi batentzako erabilera ahalbidetzearekin bat dator.