Menditarrak BRT Baztango Rugby Taldeak ez zuen hutsik egin ligako azken partidan. Garaipena aski zuen larunbatean zalez gainezka ageri zen Lekarozko zelaian Euskal Liga irabazteko eta 27-7ko emaitzarekin menpean hartu zuen Atletico San Sebastian taldea.
Euskadiko Autonomia Elkartea, Nafarroa eta Errioxako taldeak hartzen dituen liga honetako irabazle izan da Menditarrak BRT taldea. Jokatutako bederatzi partidetatik zortzi irabazi ditu. Hain zuzen, ligako lehenbizikoa bakarrik galdu zuen Atletico San Sebastianen kontra. Euskal Ligako lehen postua eskuratuta, Ohorezko B mailarako igoera fasea jokatzeko eskubidea ere irabazi du Menditarrak BRT taldeak, estatuko errugbiko bigarren maila, hain zuzen.
Gaupasa apirilaren 5ean
Bere biziraupenerako hitzordu garrantzitsua du Menditarrak BRT taldeak apirilaren 5ean. Hain zuzen, urtero Larraintzarren antolatzen duen gaupasa. Aurten hamekagarren aldiz antolatu du.
20:00etan karpa irekiko dute eta Oharkabe taldearekin dantzaldi-poteoa izanen da. 21:30an hasita, frontoian afaria eginen dute eta aretzea dastatzeko aukera izanen da. Afalondoan kantu zaharrak eta bertzelako sorpresak ere izanen da. 00:30etik aitzinera gaupasa izanen da frontoian Trikidantz taldearekin eta ondotik DJak ariko dira. Besta ez da frontoira mugatuko. Izan ere, ordu berean hasita kanpoan paratutako karpan kontzertuak izanen baitira. Ufestuek talde baztandarrarekin batera, The Baserritars eta Txarraos Txilapastrosos taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Ondotik, berriz, DJ Purinek hartuko du lekukoa.
Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko. 380 txartel atera dituzte eta Baztanen Futbolin, Intza eta Txokoto ostatuetan eros daitezke eta Ultzaman Iraizozko ostatuan, Deskarge ostatuan eta Autzako ostatuan. Apirilaren 1era arte egonen dira salgai. Afaria eta bonolaguntzaren truke 25 euro ordaindu beharko dira eta bonolaguntzagatik zazpi euro.