Baztango Udalak Elizondoko zahar-etxearen etorkizunaz eta diru publikoen erabileraz herritarrak informatzeko bilerak antolatu ditu. Bilerak kuartelka eginen dira eta horietan zahar-etxea gestionatzen duen patronatuari buruzko argibideak eman bidenabar, bertan egiten den diru publikoen erabileraz eta hori publikoki kontrolatzeko dagoen zailtasunaz mintzatuko da. Modu berean, IDEAaren adjudikazioa automatikoki berritzeko hartu den erabakiaz ere ariko da.
Udal Gobernuak adierazi duenez, «Zahar-etxeak oinarrizko zerbitzu soziala eskaintzen du Baztanen. Herritarren ongizatea bermatzeko ezin garrantzitsuagoa da eta, horregatik, zahar-etxearen etorkizuna segurtatzeko ardura du Udalak. Udalaren ardura da, bertzalde, diru publikoen gestio argia egitea eta hori horrela izan dadin beharrezkoak diren iniziatibak hartzea. Azkeneko urteetan Udalak patronatuari urtero banaz bertze 90.000 euro eman dizkio. Hori guztiaz baztandarrak informaturik kontzea ere Udalaren ardura».
Bilerak
Hala, ondoko egun eta asteetan Baztango Udalak informazioa emateko bilkura hauek antolatu ditu:
Martxoaren 14an, Elizondoko kuarteleko bilera, Elizondon, Arizkunenean; ortziralean 19:00etan.
Martxoaren 17an, Erbereako kuarteleko bilera, Iruritan, Gizarte bilgunean; astelehenean 19:00etan.
Martxoaren 18an, Baztangoizako kuarteleko bilera, Arizkunen, Ostatuko batzar gelan; asteartean 19:00etan.
Martxoaren 20an, Basaburuako kurteleko bilkura, Berroetan, Elkartean; ortzegunean 19:00etan.