Zahar Etxeko adjudikazio eta kudeaketa modua aldatuko du Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 6a

Ez du interesko gestio formako adjudikaziorik onartuko eta ez du negoziazio itxi bidez emandako adjudikaziorik automatikoki berrituko

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxea kudeatzeko IDEA enpresak duen adjudikazio-aldia akitzera doa eta oraingoan, Baztango Udalak ez duela interesko-gestio formako adjudikaziorik onartuko eta ez duela negoziazio-itxi bidez emandako adjudikaziorik automatikoki berrituko jakinarazi du.

Baztango Udalak jakinarazi duenez, IDEAk orain artio zahar etxea intereseko-gestio adjudikazio-eran egin du. Udalaren ustez, «adjudikazio-modu hau, normalki  zerbait produzi­tzen duten enpresetarako erabiltzen da, baina ez zahar-etxea bezalako zerbitzu-enpresa baten adjudikazioa egiteko». Intereseko-gestio forma hau ez da ona udalarendako: «aldiro Udala enpresaren galeren edota irabazien parte egiten du, kasu honetan galeren % 20 bere gain harraraziz, eta enpresak dituen diru sarreren % 3 ere ordain­du behar du. Azkenenengo 4 urteotan 90.000 euro inguru urtero».

Bertzalde, IDEAri gestioa eman zitzaiolarik lehiaketa publiko egin beharrean negoziazio-itxi bidez eman zitzaion, hau da negoziazio ho­rretarat enpresa batzuk gonbidatuz eta horien artean hautatuz. Udalak duen informazioaren arabera prozedura ez zen modu egokian egin, hau da, «ez zen lehiaketa publikoetan eraman behar den gardentasuna eraman».

Beraz, Baztango Udalak garbi utzi du ad­ju­dikatzeko eta kudea­tzeko moduak aldatuko dituela. Kudeaketari dagokienez, Udalaren irizpideak hauek dira: «ka­litatezko zerbitzu-publikoa ematea erabiltzaileei beharrezko guztiak bermatuz, diru publikoen erabilera gardena egitea, langileen baldintzak kontuan har­tzea eta, oro har, herritarren interesak defendatzea. Udalak irizpide horiek guztiak kontuan hartuko ditu horietako bati berari ere uko egin gabe», argitaratu duen idatziaren arabera. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun