6,79 milioi euroko udal aurrekontua onartu du Baztango Balleko Etxeak, aldeko 7 botuekin (Bilduko 5 eta Baztango Ezkerrako 2) eta UPNko kontrako 4 bozekin. Bertze bi zinegotzi ez ziren batzarrean izan. Kopuru horretatik %8,10 inbertsioetarako bideratuko da, zehazki 550.317 euro.
Inbertsiorik haundiena Amaiurko ur hornidurarako depositoa eraikitzeko izanen da, 160.000 euroko aurrekontuarekin. Lan hau 2009-2012ko Tokiko Inbertsio Planean sartua dago eta Nafarroako Gobernuak %90eko dirulaguntza emanen du. Bideak eta pistak zolaberritzeko 73.137 euro erabiliko dira, ikastetxeetan obrak egiteko 30.000 euro (Nafarroako Gobernuak 14.850 euroko laguntza emanen du) eta Elizondoko ikastetxe publikoko leihoak eta jangela moldatzeko 32.000 eta 14.000 euro gastatuko dira, hurrenez hurren. Elizondoko Erabetako ur-depositoa moldatzen 16.000 euro gastatuko dira eta Xalbador eta Gorramendi karriketako urak kanalizatzeko 7.700 euro. Iruritako frontoia moldatzeko 43.921 euro inbertituko dira eta Oronozko frontoiko komunak moldatzen 14.839 euro. Oihan lanetarako 48.000 euro bideratuko dira eta aisialdirako baratzetarako 17.000 euro (5.638 euroko laguntza dago Feader funtsatik). Giltxaurdiko futbol zelaiaren galdara moldatzeko 10.000 euro gastatu beharko dira.
Bertze kapital gastuei dagokienez, Eugiko udalari 30.000 euro itzuli behar zaizkio Erregerenako Mankomunitatearen derramatik, Erratzun erabilera anitzeko aretoa egiteko 15.000 euroko laguntza emanen da, Amaiurko Gazteluan segurtasun neurrietarako 10.000 euro eta Bortzirietako Mankomunitateari 6.330 euro edukiontziak erosteko.
Diru-sarrerei dagokienez, bertze erakundeen transferentzien bidez 2.832.890 euro jasoko ditu Baztango Udalak, zerga zuzenen bidez 2.005.600 euro, 797.850 euro tasen bidez eta 484.739 euro ondarearen eta herri-lurren ingresoengatik.
Gasturik handiena langilegoarena izanen da, 2.432.365 euro (%35,82) eta ondasun arruntak eta zerbitzuak ordaintzeko 2.297.250 euro erabiliko dira (%33,83).