Birziklapena hobetu asmoz eta hondakinen inguruko legedi berria betetze bidean, Baztango Udalak ere, Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek bezala, zaborrontziak birkokatzea eta edukiontzi mota guztiak dauden puntuetan biltzea erabaki du.
Hobekuntza hauen barnean, Udala paper-kartoi, ontzi arin eta beira edukiontzi gehiago paratzen ere hasi da. Momentuz, 25 edukiontzi paratu dira.
Herri-guneetan puntu berri batzuk sortu dira falta ziren auzoetan, baina batez ere baserri-auzoetan bizi diren bizilagunei hurbildu nahi izan dizkiete birziklatzeko edukiontziak. Hori dela eta, baserri auzoen sarreretan puntu berriak sortu dira.
Puntu berriak Otsondo gaineko merenderoan, Azpilkuetako Arribiltoa eta Apaioa auzoetan, Urrasunen, Bergarako merenderoan, Lekarozko Uharte auzoan, Almandozko San Pedro karrikan, Askapeko harrobian, Elizondoko Antzanbordako bidegurutzean, Lanbide Eskolan eta Xalbador karrikan eta Izpegiko kaxkoan sortu dira. Bertzalde, zenbait kasutan edukiontzien puntua desagertu da herritarrek edo alkateek honela eskatu dutelako edota kontenedoreak arras sakabanatuak zeudelako.