Lekarozko campusaren egoera berehala zuzentzea eskatu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 20a

Autokarabanenaparkalekuaren egitasmoak ez du aitzinera egin

Baztango Udal Gobernu taldeak agerraldia egin zuen otsailaren 7an Lekarozen, «bertako empresa-campusaren inguruan gertatzen ari dena berehala zuzendu behar delakoz». Garbiñe Elizegi alkatearen erranetan, «Nafa­rroako Gobernua behin eta berriz zuzendaritzaz eta iritziz aldatu da eta enpresa publikoak suntsitzeko eta berrantolatzeko joera neurrigabea erakutsi du. Horrek guztiak ekonomia kalte larriak dakarzkio Baztango Udalari eta, anitzez larriagoa dena, baztandar guztiei».
 
Udal ordezkarien ustez, «Lourdes Goicoechea kontseilaria eta bere taldea ez dira Lekarozko enpresa-campusean egindako inber­tsioari irtenbide bideragarria emateko gai eta gainera, Baztango Udalari bere proiektuak aitzi­na eraman ahal izatea ga­larazten diote. Udala­ren proiektuek enplegua eta lanpostuak sor­tzen ahal dituzte eta diru publikoz ordaindu den inbertsio bat, egun deusetarako erabiltzen ez dena, erabilgarri egiten dute».
 
Orain arte Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzearen alde agertu bada ere, aski dela erra­teko unea ailegatu dela uste du Udalak. Horren adibidetzat paratu dute campusaren alde batean autokarabanetarako aparkalekua egiteko aurkez­tutako proiekua, «gutienez bi lanpostu sortuko zituena eta eskualdeko merkataritzari laguntzen ahal zioena». Campuserako proposatu den jarduera baka­rra, ordea, ez da aitzinera aterako Nafarroako Gobernuaren erruz, «proiektua abian para­tzea galarazi baitute autokarabana aparkalekuetarako araudia pres­tatzeko lanean ari direla erranez».
 
Beraz, udalak dioenez, «ez da soilik Nafa­rroako Gobernuak Baztan atzendurik duela, horretaz gain udale­rritik sor­tzen diren ekimenei trabak baizik ez dizkiela paratzen. Gobernu honen ezgaitasuna eta antolamendurik eza guztiz jasanezina zaigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun