Espainiako bandera paratu behar izan du Udalak borondatez kontra

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 20a

Nafarroako Gobernuak arazorik ez zegoen lekuan arazoa sortu duela uste du Udalak

Nafarroako Gobernuak «Baztango herrita­rren borondatearen gainetik» udaletxean Espainiako bandera paratzeko eta ikurriña galarazteko agindua eman du. Auzibide luzearen ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak agindua betearazteko epaia eman du eta otsailaren 12tik ai­tzinera zintzilikatuta dago Espainiako bandera Balleko Etxeko balkoi­an.
 
Udal Gobernu taldeak adierazi duenez, «baztandarrak orain artio lasai aski ginen banderen aferarekin», normalki ez zen banderarik egoten eta egun berezietan bakarrik, Baztandarren Biltzarra egunean eta Santiago egunean paratzen ziren Baz­tan­goa, Nafarroakoa eta ikurriña, «bailaran atxeki­mendu gehien dutenak baitira eta bailarako sentipen orokorra adierazten baitute. Ez zegoen inongo arazorik».
 
Orai arazorik ez zegoen tokian Nafarroako Gobernuak arazoa sortu duela uste du udal gobernu taldeak: «Garbi dago haranean nagusi den sentipenaren kontra probokazio zuzena dela eta bazterrak nahasi bertze helbururik ez dutela».
 
Udala derrigorturik dago Espainiako bandera paratzera eta iku­rrina baztertzera eta ho­rren ardura UPNren Nafarroako Gobernuak duela uste du udal gobernu taldeak. «Hau guztia euskaldunen identitate nazionalaren kontrako erasoa da , inposizio garbia eta herritarrek bizi duten egoera sozioekonomikoa desbideratu bertze helbururik ez duena». Inposaketaren aitzinean «gure ikurren defentsan eta herritarren borondatea eta euskal identitate nazionala errespetatuak izanen diren egoera demokratiko baten alde» lanean segituko dutela ohartarazi dute udaletik.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun