Beartzun auzoan, Elizondoko herrigunetik hiru kilometrora zabalduko da Baztan Abentura Park Aste Santu honetan. Parke berri hau BKZ Nafarroa Abenturak sustatu du. BKZ-k 20 urte baino gehiago darama kirol abentura ekintzak antolatzen eta Naturarekin erlazionaturiko aisialdi eta denbora libreko egitaruak eskaintzen. Antolatzen dituen egitarauen artean Natur ekintzen Eskola kanpaina-aste berdea azpimarratu daiteke. Kirol abentura ekintzetaz gain bi aterpe ere kudeatzen ditu bat Narbarten eta bestea Legasan.
BKZ Nafarroa Abentura duela bi urte hasi zen Abentura Parke berri hau egiteko asmoarekin. Ingurua kirol ekintzak burutzeko arras aproposa da, eta BKZ-k 6 urte baino gehiago darama Beartzunen arroil jautsiera egiten.
Lehenego fase batean zonaldearen inguruko informazioa jaso zen. Lursail guziak herri partzelak dira, ingurugiroaren aldetik ere egin daiteke, ez baitaude babes bereziko eremurik. Bertzalde BKZ-ko arduraduna, gisa hontako egitasmoak egiten diren herrialdetara joan zen (Mexico, Costa Rica eta Zelanda Berrira (hemen Banjiko saltoak eta munduko pendulo handienak daude) eta sektoreko enpresik garrantzitsuenekin harremanetan jarri zen. Esperientzi guzi hauen bidez ekintza hauek gure ingurunera nola moldatu ikusi zuten.
Informazio guztiarekin, lehenengo txostena egin zen Baztango Udaleko alderdi politiko guziei, Elizondoko herriari, Beartzungo auzotarrei, Bertizko Partzuergoari, Cederna Garalurri eta zonaldeko eragile turistiko guziei aurkezteko. Helburua Baztango erakunde guzien babesa lortzea zen, egitasmoa bateratzailea eta ingurugiroarekiko iraunkorra delako eta zonaldean eragin ekonomikoa eta lanpostuak sortuko dituelako. Aipatu beharra dago ekimenak guzien babesa izan zuela, Abentura parke berriak, zonaldeko garapen sozioekonomikoan eragin handia izango duela baloratu zen. Babes hau lortu eta gero, behin betiko proiektua idatzi zen eta parkea eraikitzeko baimena guziak lortu ziren (Baztango Udala, Nafarroako Gobernua, Ur konfederazioa, etb..) Proiektuak Moderna Zigilua du eta Europako dirulaguntzak lortu ditu Cederna Garaluren bidez (Leader proiektua).
Bi fasetan gauzatuko den proiektua
Proiektua bi fasetan egingo da. Lehenengo fasean 5 tirolina erraldoi, 4 tirolina ttiki (3 urtetik goitikoentzat), arroil-akuapark naturala Zankako presan, 200 metroko bide ferrata handia, pendulo ttikia, Mega penduloa, ibilbide panoramikoa eta bertze azpiegiturak irekiko dira.
Bigarren fasean 1.300 metroko 3 mega super-tirolina egin nahi dira, 140 metroko alturan, eta 300 metroko bertze batekin batera, 6 kilometroko tirolina ibilbidea egitea lortuko da, (munduko zirkuitorik handienetariko bat izanen da), begiratoki eta ibilbide berriekin batera. Tirolina erraldoiak eta pendulo handia ahalmen urritasunak dituzten pertsonendako ere egokituak egongo direla.
Eraikitze proiektuaren koordinazio eta zuzendaritza Beriaingo Prolesogal enpresaren esku dago, eraikuntza lanak Mariezkurrena eraikuntzak eta Oskariz anaiak egiten ari dira; gai teknikoetaz Mexiko-ko “Tirolesas Mexico” enpresa arduratzen ari da, eta material teknikoei dagokionez, Josune Bereziartu eskalatzaile ezagunaren aholkularitza daukate. Denak eskarmentu handiko profesionalak dira.
BKZren asmoa lehenego fasea Aste Sainduan irekitzea da. Baztan Abentura Parkea Iruñeko Baluarten egingo den Navartur turismo ferian aurkeztuko da, otsailaren 21, 22 eta 23an.