Otsailaren 15ean, larunbatean, Gizakunde Eguna ospatuko dute Arizkunen eta Erratzun. Arratsaldeko 4:30ean Arizkungo Gamioxarrean hasiko dira mozorroak prestatzen (mozorro txuriak, beltzak, hartza eta hartzazaina, sagardantzariak, joaldunak, musikariak, fanfarrea…). Bakoitzak bere mozorroa eraman beharko du.
18:00etan Arizkundik Erratzurako bidea hartuko dute, Arizkungo plazan sagardantzak dantzatu eta gero. 20:00 aldera ailegatuko dira Erratzura eta etxez etxeko eskea eginen dute. Geldialdietan sagardantza eta mozorrodantza eskainiko dituzte. Afaldu baino lehen herriko plazan bertsolariekin Jantzilo epaitu eta, horrela erabakitzen bada, erre eginen dute. Atseko 10etan afaria izanen da Etxelebertzeko txokoan (afariko txartelak Zubipuntan eskuragarri). Ondotik, alimaleko besta izanen da.