Birziklapena hobetu asmoz eta hondakinen inguruko legedi berria betetze bidean, Baztango Udalak ere, Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek bezala, zaborrontziak birkokatzea eta edukiontzi mota guztiak dauden puntuetan biltzea erabaki du.
Hobekuntza hauen barnean, Udala paper-kartoi, ontzi arin eta beira edukiontzi gehiago paratzen ere hasi da. Momentuz, 25 edukiontzi berri paratu dira Baztanen: 8 urdin (papera/ kartoia), 10 hori (ontzi arinak) eta 7 iglu (beira).
Herri-guneetan puntu berri batzuk sortu dira falta ziren auzoetan, baina batez ere baserri-auzoetan bizi diren bizilagunei hurbildu nahi izan dizkiete birziklatzeko edukiontziak. Hori dela eta, baserri auzoen sarreretan puntu berriak sortu dira. «Horrela, hondakinak bereiztea erraztu eta portzentaiak igotzea lortu nahi dugu, ezin baitugu ahantzi oraindik %25 bakarrik birziklatzen dugula!» diote Udaletik.
Puntu berriak Otsondo gaineko merenderoan, Azpilkuetako Arribiltoa eta Apaioa auzoan, Urrasunen, Bergarako merenderoan, Lekarozko Huarte auzoan, Almandozko San Pedro karrikan, Askapeko kanteran, Elizondoko Antzanbordako bidegurutzean, Lanbide Eskolan eta Xalbador karrikan eta Izpegiko kaxkoan sortu dira.
Bertzalde, zenbait kasutan edukiontzien puntua desagertu da herritarrek edo alkateek honela eskatu dutelako edota kontenedoreak arras sakabanatuak zeudelako. Honela, Iruritan Ziga aldera zegoen azken puntua kendu dute, arras puntu zikina izateagatik eta kokapen deserosoagatik. Honen ordez, pisuetako puntua errepide aldera hurbildu da. Azpilkuetako Zuaztoi auzoko puntua Zuaztoi eta Arribiltoako baserrietako bidegurutzera mugitu da. Elizondoko San Frantzisko Ikastetxe Publikoko edukiontziak hesitik kanpora atera dira eta inguruko edukiontzi bakanekin puntu bakar bat egin da. Azpilkuetako herriko edukiontzi guziak, berriz, herri sarreran puntu bakarrean bildu dira.