Urteko bestarik eroenek ez dute etenik. Asteburu honetan arraioztarrek hartuko dute lekukoa, ortziral eta larunbatean, hain zuzen.
Ortziral goizean, 09:30ean egin dute gazteek hitzordua. Zubiondo ostatuan gosaldu ondotik bordaz-borda ibiliko dira eta horrela emanen dute eguna. 21:00etan afaria eginen dute Batzartegian. Eskolako neska-mutikoak ere ez dira inauteriak ospatu gabe geldituko. Ortziral arratsaldean mozorrotu eginen baitira.
Larunbatean, berriz, goizean 09:30ean gelditu eta herrian barna etxez-etxe ibiliko dira gazteak. Aurten, garai batean egiten zen bezala, dantzaldia izanen da elizako gorapean 20:00etan. Azken urteetan galdutako ohitura zen hau baina aurten berreskuratu nahi izan dute. Irune Etxeberria eta Jaione Elizagoienekin izanen da dantzaldia. 21:00etan afaria eginen dute eta afaldu ondotik ere dantzaldia izanen da Irune eta Jaionerekin. «Mantso artaino» besta izanen dela iragarri dute Arraiozko gazteek.