Gasoila eta propanoa erabiltzen duten udal instalazioetan gas naturala ezartzeko elkarlan hitzarmena sinatu zuten otsailaren 11an Garbiñe Elizegi Baztango alkateak eta Miguel Andreu Lopez, Gas Navarrako zuzendariak. Baztango Udalak gas naturalaren alde egindako apustuarekin bat egiten du hitzarmenak, energia mota hau ingurumen aldetik garbiagoa eta eraginkorragoa delakoan.
Iruritako Haur eskolan, hiltegian, eskolan eta udal igerilekuetan dagoeneko egokitu dituzte instalazioak eta laster, Elizondoko futbol zelaian hasiko dira egokitzapen lanekin. 2009 urte akabailan sartu zen gas naturala Baztanen eta urteotan 21 kilometro kanalizazio eta 400 bat hartune egin dituzte. Horiekin, Oronoz, Arraioz, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo eta Elbete gas naturalarekin hornitu dituzte. Etxebizitza, taberna, jatetxe, udal eraikin eta enpresak kontuan hartuta kasik 700 gunetan ematen dute hornidura.