Baztango Udal Gobernu taldeak agerraldia egin zuen otsailaren 7an Lekarozen, “bertako empresa-campusaren inguruan gertatzen ari dena berehala zuzendu behar delakoz”. Garbiñe Elizegi alkatearen erranetan, «Nafarroako Gobernua behin eta berriz zuzendaritzaz eta iritziz aldatu da eta enpresa publikoak suntsitzeko eta berrantolatzeko joera neurrigabea erakutsi du. Horrek guztiak ekonomia kalte larriak dakarzkio Baztango Udalari eta, anitzez larriagoa dena, baztandar guztiei ere».
Baztango alkatearekin batera, Florentino Goñi eta Maite Iturre zinegotziak eta, Jesus Angel Garcia Lekarozko alkatea izan ziren agerraldian. Udal ordezkarien ustez, «Lourdes Goicoechea kontseilaria eta bere taldea ez dira Lekarozko enpresa-campusean egindako inbertsioari irtenbide bideragarria emateko gai eta gainera, Baztango Udalari bere proiektuak aitzina eraman ahal izatea galarazten diote. Udalaren proiektuek enplegua eta lanpostuak sortzen ahal dituzte eta diru publikoz ordaindu den inbertsio bat, egun deusetarako erabiltzen ez dena, erabilgarri egiten dute».
Orain arte Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzearen alde agertu bada ere, aski dela errateko unea ailegatu dela uste du Balleko Etxeak. Horren adibidetzat paratu dute campusaren alde batean autokarabanetarako aparkalekua egiteko Udalak aurkeztutako proiekua, «gutienez bi lanpostu sortuko zituena eta eskualdeko merkataritzari laguntzen ahal zioena». Campuserako proposatu den jarduera bakarra, ordea, ez da aitzinera aterako Nafarroako Gobernuaren erruz, «proiektua abian paratzea galarazi baitute autokarabana aparkalekuetarako araudia prestatzeko lanean ari direla erranez».
Beraz, Baztango udalak dioenez, «ez da soilik Nafarroako Gobernuak Baztan atzendurik duela, horretaz gain udalerritik sortzen diren ekimenei traba baizik ez dizkiela paratzen. Gobernu honen ezgaitasuna eta antolamendurik eza guztiz jasanezina zaigu».