Enpresa eta ikastetxeak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, 2013an hainbat bilera egin zituen Cederna-Garalurrek Hezkuntza Departamentuarekin, Nafarroako Mendialdeko lanbide-heziketako ikastetxeetan ekintza bateratuak lantzeko. Lan horri heltzeko, Mondragon Unibertsitatearekin jarri zen harremanetan eta honek gaian duen esperientzian oinarrituz, ekintzailetza-programa bat lantzea proposatu zuen Altsasuko, Baztango, Bidasoko eta Irunberriko lanbide-heziketako ikastetxeetan. Eskualdekoak izan dira programa martxan jartzen lehenak eta hala, urtarrilaren 23an egin zuten ekintzailetza-programaren lehenengo saioa Elizondoko Lanbide Eskolan. Administrazio eta Finantzak goi-mailako heziketa-zikloko bigarren mailako ikasleek parte hartu zuten, denera 14 ikaslek hiru irakasleren laguntzarekin.
Ekintzailetza programak, bi fase ditu: Lehenean, saio teoriko bat lantzen dute ikasleekin, eta bigarrenean, berriz, lan-saio bat eginen da; horretan, prozedura zehatz bat baliatuta, eremuko enpresa baten arazoa analizatu, eta izan ditzakeen soluzioak aztertuko dituzte taldeka. Enpresa-arloa ikastetxeetara, eta alderantziz, hurbiltzeko modu bat da.
Ekintzailetza, sormena eta berrikuntza arras ongi uztartzen dituen programa da hau eta aldi berean, ikasprozesua aberasten eta hobetzen duten metodologiak ezagutzen eta entseatzen dituzte ikasleek.
Cederna Garalur Elkarteak ere positiboki baloratzen ditu ekimena eta ikastetxearen gogoa eta inplikazioa, eta gainerako ikastetxeak parte hartzera eta elkarrekin lanean jarraitzera bultzatzen ditu.
Cederna-Garalur urteak daramatza lanean Nafarroako Mendialdean, bertako herritarrentzat onuragarriak izanen diren, eta lurralde lehiakorra izatea, bizitzeko eta lan egiteko lurraldea izatea ahalbidetuko duten proiektuak lantzen. Une zail hauetan koordinazioa, elkarrekin egindako lana eta indarra dira eguneroko gosarian hartu beharreko proteinak.