Otsailaren 27ko Ortzegun Gizenarekin hasi eta martxoaren 4ko Inaute Astearte bitarte izanen dira inauteri data ofizialak, baina Baztanen ere, zenbait herritan aitzinetik hasiak dira ospakizunetan. Aniz eta Berroetako gazteak urtarrilaren 18 eta 25ean ibili ziren bi herrietako etxeetan. Oronozen, ilbeltzaren 23tik 25era ibili ziren gazteak, eguraldi euritsuari aurpegi ona jarriz.
GIZAKUNDE ARIZKUNEN ETA ERRATZUN
Otsailaren 15ean, Gizakunde Eguna ospatuko dute Arizkunen eta Erratzun. Arratsaldeko 4:30ean Arizkungo Gamioxarrean hasiko dira mozorroak prestatzen (mozorro txuriak, beltzak, hartza eta hartzazaina, sagardantzariak, joaldunak, musikariak, fanfarrea…). Bakoitzak bere mozorroa eraman beharko du. 18:00etan Arizkundik Erratzurako bidea hartuko dute, Arizkungo plazan sagardantzak dantzatu eta gero. 20:00 aldera ailegatuko dira Erratzura eta etxez etxeko eskea eginen dute. Geldialdietan sagardantza eta mozorrodantza eskainiko dituzte. Afaldu baino lehen herriko plazan bertsolariekin Jantzilo epaitu eta, horrela erabakitzen bada, erre eginen dute. Atseko 10etan afaria izanen da Etxelebertzeko txokoan (afariko txartelak Zubipuntan eskuragarri). Ondotik, alimaleko besta izanen da.
ARRAIOZ
Arraiozen otsailaren 14 eta 15eko aste hondarrean ospatuko dituzte inauteriak. Ortzilerian 9:30ean Zubiondo ostatuan gelditu eta bordaz borda ibiliko dira gazteak eta 21:00etan afaria Batzartegien eginen dute.
Larunbat goizeko 9:30ean berdin gelditu eta herrian barna etxez etxe ibiliko dira. 20:00etan elizeko gorapean elkartuko dira dantzaldia egiteko. Lehengo ohiturak berreskuratzeko Elizondoko fanfarrearekin egin nahi dute dantzaldia, herritarrei ere zerbait eskaintzeko, baina hau idazterakoan erabat zehaztu gabe dago.
21etan afaria eginen dute eta nahi duena etortzera gonbidatua dago. Paella, oilasko txilindrona eta kafea izanen dute, borondatearen truk. Gero Irune Etxeberria eta Jaione Elizagoienekin dantzaldia izanen da. «Mantso artaino» besta izanen dela iragarri dute.
Larunbat arratseko dantzaldiaren aitzinetik antolatzeko, Guraso Elkartekoek txokolatada, karetak eta bertze egitera animatzeko asmoa dute, baina hau ere ez dago konfirmatua.
ZIGAKO ORAKUNDE ETA INAUTERIAK
Otsailaren 21ean Orakunde ospatuko dute Zigako haurrek auzo eta herrian eskean ibili ondotik bazkaria eta jokuak eginen dituzte. Oilarraren jokuarekin akituko dute eta gero dantzaldia izanen dute frontoian. Eguna txokolatadarekin akituko dutelarik.
Gazteek inauteak 21ean hasi eta 22ra arte luzatuko dituzte. Ortziralean gosaldu ondotik auzo eta baserriak bisitatuko dituzte. Larunbatean herrian ibiliko dira etxez-etxe eta ilunabarrean dantzaldia Salaberrirekin.
ELBETE
Elbeteko Inauteriak otsailaren 22an ospatuko dituzte. Goizeko 9etan Elbeteko Posadan elkartuko dira gosaltzeko eta 10ak aldera etxez etxe abiatuko dira eskean. Ibilaldia bukatu ondoren Posadara itzuliko dira afaltzeko gosea oraindik asetu ez dutenak.