San Anton Eguneko zozketan 9.400 euro bildu dituzte

TTIPI-TTAPA 2014ko ots. 7a, 11:54

Juan Mari ONDIKOL

San Anton eguna ospatu zuten Elizondon eta urtero bezala, Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa egin zen plazan. 94 talonario saldu ziren oso-osorik, beraz, 9.400 euroko diru-sarrera izanen du Zahar Etxeak. Lehen saria, piriniar arrazako aretxea, 2.229 zenbakiari egokitu zitzaion. Elizondoko Idoia ileapaindegian saldu zen eta egun berean sariduna agertu ez bazen ere, gerora jakin da Maria Teresa Olondriz Berroeta elizonda­rrari suertatu zaiola. Bigarren saria, zerria, plazan berean agertu zen. 8.133 zenbakia izan zen sariduna eta Pello Maia albienteak saldu zion Xabier Arrastua udal langileari. Hirugarren saria, bi bildots, 2.951 zenbakiari egokitu zaio eta Xabier Iruretak saldu zuen plazan. Magraren zenbaki irabazlea, berriz, 2.470a da, Elizondoko Ziau­rriz harategian saldua. Zozketako bolak ateratzeaz Amaiur­ko Mikel Ariztia, Ixiar Etxebere, Antton Urrutia, Aizpea Isuskiza eta Ugaitz Arribillaga arduratu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun