Buruz buruko Munduko pala txapelketaren finala jokatuko du Xabi Ibargarai erratzuarrak

TTIPI-TTAPA 2014ko ots. 5a, 08:33
Xabi Ibargarai erratzuarrak bere lehen txapel ofiziala janzteko aukera izanen du larunbatean Bilbon. Artxiboko argazkia

Pablo Fusto argentinarra izanen du arerio otsailaren 8an Bilbon

Xabi Ibargarai erratzuarrak bere lehen final handia jokatuko du otsailaren 8an, larunbatean Bilboko Bizkaia frontoian. 28 urterekin, profesionaletan 6 daramazki eta Munduko buruz buruko txapela izanen du jokoan Pablo Fusto argentinarrarekin.

Xabi Ibargarai erratzuarrak bere lehen final handia jokatuko du otsailaren 8an, larunbatean Bilboko Bizkaia frontoian. 28 urterekin, profesionaletan 6 daramazki eta Munduko buruz buruko txapela izanen du jokoan Pablo Fusto argentinarrarekin.

Finalerdietako ligaxkako azken partidak jokatu zituzten biek otsailaren 1ean. Lehenbizikoan, Fustok Gaubekaren kontra set bat irabaztea aski zuen finalera sartzeko. Lehenbizikoa galdu egin zuen (6-10), baina bigarrena irabazi (10-8). Txartela eskuetan, hirugarren seta berriz ere irabazi egin zuen Gaubekak (6-10), baina azken biak eta partida Fustorentzat izan zen (10-4 eta 10-3).

Beraz, Ibargaraik bere eskuetan zuen finalera sartzea, dagoeneko kanporatua zegoen Gorka Garciaren kontrako partidan. Erratzuarrak ez zuen hutsik egin eta 3-0 irabazi zuen (10-5, 10-9 eta 10-1), bere lehen final handirako txartela eskuratuz.

Xabi Ibargaraik Munduko txapelketa bikaina jokatu du. Lehenbiziko kanporaketan Aierberi irabazi zion (1-3) eta bigarrenean Lujan-i (3-1), finalerdietarako ligaxkako sailkapena lortuz. Finalerdietako lehen partidan 1-3 irabazi zion Gaubekari, bigarrenean galdu egin zuen berriz ere finalean izanen duen Fustorekin (3-1) eta azkenekoan 3-0 irabazi zion Garciari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun