2013an hainbat bilera egin zituen Cederna-Garalurrek Hezkuntza Departamentuarekin, Nafarroako Mendialdeko lanbide-heziketako ikastetxeetan ekintza bateratuak lantzeko. Lan horri heltzeko, Mondragon Unibertsitatearekin jarri zen harremanetan, dinamizazio-ekintzak garatzen duen esperientziagatik. Ekintzailetza-programa bat lantzea proposatu zuten unibertsitatetik, Altsasuko, Baztango, Bidasoko eta Irunberriko lanbide-heziketako ikastetxeetako ikasleentzat. Lehen saio teorikoa landu dute Elizondoko Lanbide Eskolan.
Izan ere, bi fase ditu dinamika horrek. Lehenean, saio teoriko bat landuko da ikasleekin, eta bigarrenean, berriz, lan-saio bat eginen da; horretan, prozedura zehatz bat baliatuta, eremuko enpresa baten arazoa analizatu, eta izan ditzakeen soluzioak aztertuko dira taldeka. Enpresa-arloa ikastetxeetara, eta alderantziz, hurbiltzeko modu bat da.
Urtarrilaren 23an lehen fasea landu zen Elizondoko lanbide-eskolako 'Administrazio eta Finantzak' goi-mailako heziketa-zikloko 2. kurtsoko ikasleekin. Elizondokoa izan da proiektu honetan parte hartzen interesa erakutsi duen lehen ikastetxea. Iñigo Agesta eta Irati Eizagirre 'Aitzindaritza ekintzailea eta berrikuntza' graduko bi ikasle dira, eta 'Glow Junior' Sozietate Kooperatibakoak dira. Biek dinamika hori landuko dute. Helburu nagusia da Nafarroako Mendialdean jarrera ekintzailea sustatuko duten proiektuak bultzatzea.
Lehen lantegi horretan 'Administrazioa eta Finantzak' goi-mailako heziketa-zikloko 2.kurtsoko 14 ikaslek hartu dute parte, hiru irakasleren laguntzarekin. Ikastetxearen iritziz, halako ekintzak eta lanbide-heziketak bultzatzen dituen ekintzailetza, sormena eta berrikuntza arras ongi uztartzen dira. Aldi berean, ikasprozesua aberasten eta hobetzen duten metodologiak ezagutzen eta entseatzen dira.
Cederna Garalur Elkarteak positiboki baloratzen ditu ekimena eta ikastetxearen gogoa eta inplikazioa, eta gainerako ikastetxeak parte hartzera, eta aurrera egiten lagunduko duten ekimenak dinamizatzen, horien inguruan motibatzen eta elkarrekin lanean jarraitzera bultzatzen ditu.
Cederna-Garalur urteak daramatza lanean Nafarroako Mendialdean, bertako herritarrentzat onuragarriak izanen diren, eta lurralde lehiakorra izatea, bizitzeko eta lan egiteko lurraldea izatea ahalbidetuko duten proiektuak lantzen. Une zail hauetan koordinazioa, elkarrekin egindako lana eta indarra dira eguneroko gosarian hartu beharreko proteinak.