Autokarabanendako aparkalekua eta zerbitzu gunea eginen da Lekarozen

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Hemezortzi autokarabana eta bederatzi camperrendako tokia eskainiko du

2013ko azken Osoko Bilkuran, Baztango Udalbatzak onartu zuen Lekarozko Kanpusean autokarabanen aparkaleku eta zerbitzugunea instalatzea ahalbidetuko duen hirigintza-hitzarmena. Hirigintza-hitzarmena Lekarozko Kanpusaren ardura duen CEINekin sinatuko da, eta horren arabera, Baztango Udalak bere kargu hartuko du Kanpuseko atal batean autokarabanen aparkalekua eta zerbitzugunea egokitzea eta kudea­tzea.
 
Zehazkiago, aparkaleku eta zerbitzugunea Lekarozko kirol eremuaren ondoan kokatuko da, eta 18 autokarabana eta 9 camperrendako tokia eskainiko du, ur gris eta beltzen hustuketa zein ura hartzeko instalazioak izanen direlarik.
 
Hautatutako tokia Baztango bihotzean kokatzen da, Lekarozko herrigunetik kilometro batera, eta Elizondoko zein Iruritako herrigunetatik kilometro terdira, azken bi herrietarat Done Jakue bidetik joaten delarik. Izan ere, gunea Baztango Done Jakue bidearen ondo-ondoan dago, eta etorkizun batean, Bidasoako Bide Berdearen azken tartearen aldean geratuko da. Areago, Lekarozko autokarabanen aparkalekutik 4 euskal hiriburu bisitatzeko parada dago 60 kilometroko erradio batean (Donostia, Iruñea, Baiona eta Donibane Garazi).
 
Nafarroako iparraldeko lehen udal autokarabanendako aparkaleku eta zerbitzugunea izanen den honek gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den turismo segmento bati erantzutea du xede. Izan ere, gero eta autokarabanista gehiago pasa­tzen dira Baztanetik, batzuk Europako ipa­rraldetik penintsula iberikoaren hegoalderako bidean, bertze batzuk bailara eta eskualdea bisitatzen. Hori dela eta, turista horiei honelako azpiegitura eskainita, urteko edozein sasoitan bailara bisitatzera animatu nahi ditu Baztango Turismo eta Merkataritza Zinegotzigoak.
 
Behin Udalak eta CEINek hirigintza-hi­tzarmena sinatuta, aparkaleku eta zerbitzugunearen egokitzapen lanei ekinen zaie. Helburua autokarabanendako gunea Aste Saindua baino lehen inauguratu ahal izatea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun