Foruzaingoak polizi-etxe berria ireki du Elizondon

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Nafarroako Gobernuko, inguruko udaletako eta polizietako ordezkariak inaugurazioan. Nafarroako Gobernua

Bilduko ordezkaririk ez zen izan inaugurazioan

Elizondoko polizia-etxe berriaren irekiera-ekitaldi ofiziala egin zen urtarrilaren 13an, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea buru zela. Bertan, foruzainek eragin-eremua osatzen duten 27 udalerriei eta bertan bizi diren 26.000 herritarrei emango diete arreta.
 
Baztango Udalak u­tzitako 4.582,87 metro koadroko partzela batean egin dute eraikina, Erabeta eta Menditurri karriken artean. 2007tik Elizondoko Santiago karrikako lokal batean Foruzaingoak zituen bulegoak ordeztuko ditu. Obra I.C. Construcción  enpresari esleitu zitzaion, eta 1.130.270 euroko kostua izan du. 
 
BILDUK EZ ZUEN PARTE HARTU
Bilduk, ordea, ekitaldian parte ez hartzea erabaki zuen. Prentsara bidalitako oharrean adierazi zuenez, «2007ko otsailaren 28an Elizondoko komisaria inauguratu zen. Errepresore taldeak ekitaldian protesta baketsua egiteko asmoa zuen gazte koadrila kolpatu, identifikatu eta isundu zuen. Gazteen asmoa UPNren polizia politiko izaera salatzea bertzerik ez zen». Bilduren ustez, «lehenbiziko momentutik erakutsi zuten euren benetako jarrera zein izanen zen eta berdin segitzen du». Komisariaren finantzaketaz, lehengoan Nafarroako Gober­nu­ak 165.386 euro inbertitu zituela ohartarazi du Bilduk eta honetan, «krisi garaian, lizitazio kostua 909.500 eurokoa izan da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun