Elizondoko Herriko Etxeak 27.545 euroko irabaziekin akitu du urtea

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Ohitura betez, Errege Egunean eman zuten alkate eta kargodunek kontuen berri

Elizondoko herriak 27.545 euroko irabaziekin kitatu zuen 2013. urtea, Errege Eguneko batzarrean Mikel Sobri­no alkateak eta Xabier Torres eta Luis Mari Laurnagarai kargodunek emandako kontuen arabera. Lehendik 11.506,57 euro zituela kontuan hartuz, Elizondoko herriaren saldoa 39.051,96 eurokoa da.
 
Iazko diru sarrerak 148.857,13 eurokoak izan ziren bitartean, gastuak 121.311,74 eurokoak izan ziren.
 
Diru-sarrerarik handiena, ohikoa denez, herritarren aportazioa izan zen (35.684,88 euro), Santiago bestetan bildutakoa (25.903 euro) eta udazkeneko azienda ferian postuak jar­tzeagatik kobratzen den tasa (24.232,40 euro). Ohikoa ez dena, Ermitegi inguruan oihanbe­rritze lanak egiteko Europatik jasotako 27.106,21 euroko dirula­guntza izan zen. Balleko Etxeak ere 13.377,26 euro eman dizkio Elizondoko herriari.
Gasturik handiena Santiago besten antolaketa izan zen. 57.825,68 euro erabili ziren bestetan, 2012an baino 4.000 euro gutiago. Auzolanean egin ziren Ermitegiko oihanberritzerako eta bertze azpiegitura lanetarako 7.941,96 euro erabili ziren. Aseguruetan 5.059,60 euro gastatu ziren, udazkeneko ferietan 4.783,35 euro, Orakunde besta antolatzen 4.564,96 euro, El Pilarreko frontoia eta ins­talazioen alokairuan 3.540 euro eta Braulio Iriarte karrikako espaloiak egiten 2.186,50 euro. Bertze kopuru ttikiagoak musika banda, Baztandarren Biltzarra edo Txaruta pilota eskolaren dirulaguntzetan joan ziren, baita Saharako neska-mutikoen udako egonaldian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun