Baztan, UEMAko kide izenburupean, arnasguneen edo herri euskaldunen gaineko tailerrak eginen dira ilbeltzaren 28 eta 30ean Elizondoko Arizkunenean. Baztango Udaleko Euskara Batzordeak eta Euskalgintzak antolatutako bi saioak 19:00etan hasiko dira.
Zer dira arnasguneak?
Arnasguneak euskara «bere kabian» sentitzen den bilguneak dira, inork xaxatu eta eraso gabe «etxeko nagusi» sentitzen den eremua. Baztan, errate baterako. Hizkuntza batek aitzinera eginen badu, bera nagusi den esparruak behar ditu, arnasgune horiek behar ditu.
Eta zer dira arnasguneen tailerrak? Bada, gune euskaldunen garrantziaz eta euskararen iraupen eta sustapenean duten paperaz herritarrak kontzientziatzeko tailerrak dira, UEMAk Kontseiluarekin, Topagunearekin, EMUNekin, Bertsozale Elkartearekin eta EHErekin elkarlanean sortuak.
Erran bezala bi saio eginen dituzte, urtarrilaren 28an eta 30ean hain zuzen ere, arratsaldeko 7etatik 9etara. Saioak parte hartzaileak, dinamikoak eta aberasgarriak izanen dira, zalantzarik gabe.