140 lagun bildu ziren larunbatean Arizkunenean, Baztango eragile sozial desberdinek antolatutako hitzaldian. Tokiko garapena ardatz hartuta, Jaime Izquierdo Vallina asturiarra, idazlea eta lurralde garapenean aditua, izan zen hizlaria. Landa eremuen garapen iraunkorrari buruzko gogoetak plazaratu zituen, tokiko garapena eta inguruaren babesa uztartuz. Jakoba Errekondo izan zuen lagun eta bien artean, publikoaren galderei erantzunez eztabaida interesgarria piztu zuten, besteak beste, tokiko nekazal eredu bat finkatzeko beharra dagoela agerian utzitz.
Ordu eta erdiko azalpenean, XXI.mendean tokiko garapen proposamen adostu bat nola eraiki azaldu zuen. Tokiko harreman sarearen, enpresa sistemen, bizitasun kulturalaren... elkarlana da Izquierdo Vallinak azaltzen duen ereduaren ardatza. Etorkizuneko jarrerak eta joerak zeintzuk izan behar luketen ere azaldu zuen: ekonomia iraunkorra sustatzeko jarduera eremuen berri eman eta landa eremuan ekonomia sustapena eta ikuspegi ekologikoa garatzeko arlo nagusiak zehaztuz. Bertzalde hiriaren eta landa eremuaren arteko harremanak eta biodibertsitatearen eta baserri kulturaren arteko harremanak ere izan zituen hizpide.
Galdera erantzuneratarako tartea ere izan zen eta bertaratu zirenek diotenez, eztabaida interesgarria piztu zen. Publikoak proposatutakoari erantzunez, Izquierdok eta Errekondok hainbat kontu proposatu zituzten: tokiko eredu agroekologiko historikoa zehaztu beharra dagoela, horren arabera garatu daitezkeen jarduera ekonomiko berriak zein izan daitezkeen zehazteko; ausardia behar dela, eztabaida bulkatu beharra dagoela eta tokiko nekazal eredu bat finkatu beharra dagoela.
Solasaldiaren antolaketan Baztango gizarte, ekonomia, kultura eta hezkuntza arloko hainbat elkartek parte hartu zuten: EHNE, Erdiz Bizirik, Elizondoko lanbide eskola, Hiruak Bat landetxeen elkartea, Baztandarren Biltzarra, Jo ala Jo, Barraskiloak kontsumo elkartea eta Bidasoaldeko hazien sareak. Horiez gain, Cederna-Garalurrek eta Baztango Udalak ere saioa babestu zuten.